2008/04/15
David Herrero Karpin Galicia taldeko txirrindulariak hilabete emango du bajan. Bilbotarra Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapan erori zen eta eskuin hankako izterrezurrean min hartu zuen.
Sasoi onenean zegoen Herrero eta horren adibide Euskal Herriko itzulian lortu zuen garaipena da, hirugarren etapan. Aurreneko bietan hirugarren sailkatu zen.
"Mailarik onenean nengoen, mentalki zein fisikoki, eta horregatik pixka bat zapuztuta nago. 30 egun geldirik egon behar dut eta hori nire helburuen kalterako izango da", esan du Herrerok Karpin Galiciako webgunean.
Herrerok oraindik ez daki Euskal Bizikletarako eta Kataluniako Itzulirako prest izango den.