MOZIOAK UDALETAN

ANVren aurkako mozioen testua adostu dute EAJk eta PSEk

2008/04/10

Bi alderdiek hurrengo egunetan aurkeztuko dituzte mozioak EAE-ANVk zuzentzen dituen udaletan. ETA gaitzesten ez dutenen dimisioa exijituko dute. Arrasaten aurkeztuko dute mozioa aurrenen.
Arrasateko Udaletxea. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Arrasateko Udaletxea. Argazkia: EiTB

EAE-ANVk zuzentzen dituen udaletan aurkeztuko dituzten mozioen testua adostu dute EAJk eta PSEk. ETA gaitzesteari uko egiten dioten kargudunei dimititzeko eskatuko diete.

Alderdi sozialistako iturriek jakinarazi dutenez, hurrengo egunetan hasiko dira mozioak aurkezten.

Sabin Etxetik azaldu dutenez, gainera, bi alderdiek ez dute ia aldaketarik egin EAJk aurkeztu zuen testuan, eta "xehetasun txikiak" baino ez dituzte moldatu.

EAJk ziurtatu du oraindik ez duela erantzun "ofizialik" jaso gainerako alderdien partetik. Nolanahi den ere, hurrengo ostiralean Eusko Legebiltzarrean hizpide izango dituzte mozioak.

Alderdi jeltzalearen jatorrizko testuan, mozioaren aurreneko bi puntuekin bat egiten ez dutenen dimisioa exijitzea proposatu zuten. Puntu horien arabera, ETAren azken "atentatu hilgarriek" eta "mehatxuek" larri urratzen dituzte "bizitza errespetatzeko printzipioak, Giza Eskubideak eta aniztasuna". Gainera, errefusatu egiten du indarkeria erabiltzea "prozesu politikoak aldatzeko xedez".

Astelehenean, testua gainerako alderdiei igortzea erabaki zuen EAJko zuzendaritzak. Lehenago, Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen aurkako zentsura mozioa babestu ez izana leporatu zion alderdi sozialistak.

Gainerako alderdien jarrera

Atzo, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak baiezkoa eman zion EAJren mozioari Radio Euskadin. Gaur Ezker Batuak berdin egin du, baina azken erabakia udal batzarrek hartu beharko dutela zehaztu du.

PPk iragarri du ez duela EAJren testuaren aurka egingo, baina zentsura mozioak ere aurkeztea eskatu du.

EAE-ANVk 16 udalerri zuzentzen ditu gutxiengoan EAEn, 13 Gipuzkoan eta 3 Bizkaian. Beste 17tan, aldiz, gehiengo osoa du.

Lehenengo, Arrasaten

Radio Euskadik informatu duenez, mozioa aurkeztuko duten aurreneko herria Arrasate izango da.

Ondoren Elorrion, Azpeitian eta Bergaran egingo dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta