DKV JOVENTUT-TAU CERAMICA (78-66)

Azken laurdeneko joko kaskarrak saririk gabe utzi du TAU

2008/04/06

Partida oso parekatua izan zen bigarren eta hirugarren laurdenetan, baina azken hamar minutuetan erraztasun handiz gainditu zuten katalanek TAU. Hirugarren postuan jarraitzen dute Spahijaren gizonek.
Porrota jaso du TAUk Badalonan. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Porrota jaso du TAUk Badalonan. Argazkia: EFE

TAU Ceramica Baskoniak porrota jaso zuen Badalonan DKV Joventuten aurka (78-66) eta ezin izan zuen sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu.

Lehen laurdenean etxeko taldea izan zen nagusi eta bigarren laurdenari 20-16-ko partzialarekin egin zion aurre. Baina Spahijaren mutilen susperraldia heldu zen eta atsedenaldirako asko hurbildu ziren markagailuan (42-41). Hirugarren laurdenean ere berdintasuna izan zen nagusi eta argi zegoen gakoa azken hamar minutuetan egongo zela.

Aito Garcia Renesek zuzentzen duen taldeak 12-0eko partziala lortu zuen partidako azken bost minutuetan eta garaipena Katalunian geratu zen. Azken laurdeneko joko kaskarrak saririk gabe utzi zuen TAU.

Orain Partizanen kontrako asteazkeneko partidan jarri beharko dute arreta guztia. Garaipena lortzekotan, Euroligako Final Fourra jokatuko dute gasteiztarrek.

--TALDEAK:

DKV JOVENTUT: Rudy Fernandez (28), Rubio (8), Barton (10), Jagla (10), Popovic (2) --hasierako taldea--; Hernandez Sonseca (5), Laviña (4), Moiso (6), Mallet (5) eta Ribas (-).

TAU CERAMICA: Rakocevic (12), Planicic (5), Singleton (2), Splitter (7), Mickeal (6) --hasierako taldea--; Prigioni (5), Vidal (12), Teletovic (5), Jasaitis (5) eta McDonald (7).

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta