2008/04/02
Gipuzkoako Batzar Nagusiek terrorismoaren biktimen omenean egindako eskultura bat inauguratu dute Donostian duten egoitzan, eta ekitaldi horretan politikariak eta kolektibo horretako ordezkari asko bildu dira, besteak beste, Isaias Carrasco ETAk hildako Arrasateko zinegotzi sozialista ohiaren alarguna eta alaba nagusia.
Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia; Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eleduna; Iñigo Lamarca Arartekoa; eta Odon Elorza Donostiako alkatea ekitaldian izandako batzuk dira. PSEko, EAJko, EAko, PPko, EBko eta Aralarreko batzarkideak ere han izan dira.
Halaber, Patxi Lopez, Jesus Eguiguren eta Miguel Buen sozialistak, eta Regina Otaola (PP), Iñaki Galdos (EA) eta Antton Carrera (EB) ere bertaratu dira.
Terrorismoaren biktimek ere ekitaldian parte hartu dute. Euren artean Sandra Isaias Carrascoren alaba nagusia eta alarguna zeuden.
Pilar Manjon M-11 Elkarteko presidentea eta Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundaziokoa omenaldian izan dira, Euskadiko, Andaluziako, Extremadurako, Kanarietako eta Kataluniako biktimen ordezkariekin batera.
Ekitaldiaren helburua Iñaki Olazabal euskal artistak terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen omenean egindako eskultura talde bat inauguratzea zen.