2008/03/31
Ertzaintzak baieztatu du Azpeitiko Izarraitz mendian dagoen errepikagailuan lehergailu bakarra zartarazi zutela atzo, hasiera batean bi bonba izan zirela zabaldu zen arren.
Herrizaingo Sailak ohar baten bidez zehaztu duenez, leherketak kalte material txikiak baino ez zituen eragin errepikagailu barnean eta atean. Ertzaintzaren lehendabiziko ikerketen arabera, "ETAk erabili ohi duen tenporizadoredun lehergailua" omen da atzo leherrarazi zutena.
Ertzaintzak azaldu duenez, 11:00etan ETAren izenean hitz egin zuen lagun batek Erloko errepikagailuan lehergailu bat jarri zutela ohartarazi zuen.
Ertzaintzaren zenbait patruila bertaratu ziren eta adituek ingurua aztertu zutenean, errepikagailuaren atean leherketa baten arrastoak izan zitezkeen arrastoak antzeman zituzten. Gauzak horrela, "lehergailuak lehen agentea iritsi baino lehen eztanda egin zuela" ondorioztatu du Ertzaintzak.