2008/03/30
Ertzaintzak indar gutxiko bi lehergailuk eragindako kalteak atzeman ditu Azpeitiako (Gipuzkoa) Izarraitz mendiguneko Erlo mendian kokaturiko errepikagailu batean, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Errepikagailuaren etxetxoaren sarrera-atean eta barrualdean kalteak eragin dituela ikusi dute Ertzaintzako artezilariek. Izan ere, 11:00etan DYAk deia jaso du ETAren izenean Azpeitiako Izarraitz mendiko errepikagailu batean lehergailu bat ipini dutela oharataraziz. Dei horretan ez da zehaztu leherketaren ordurik.
Bi bonben leherketek kalte arinak eragin dituzte instalazioetan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Eusko Jaurlaritzaren gaitzespena
Erlo mendiko errepikagailuaren kontra egindako atentatua gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzak.
"Indarkeria, indarkeria bakarrik" dela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak eta Azpeitiko atentatuarekin " ETAk indarkeriaren baliabidea baztertu nahi ez duela azaltzen du eta euskal gizartearen erabakia ez du errespetatzen".
Gaurko erasoa "gizartea inora ez daramaten bonben, mehatxuen eta xantaien beste adibide triste bat" dela nabarmendu du.