2008/03/28
Jose Ramon Eizmendi astean zehar jokalariek erakutsi dioten babesa dela eta, esker oneko azaldu da. "Nik ere konfiantza handia dut eurengan, eta harro nago izaten ari diren jokabidearekin" izan da bere erantzuna. Lasai azaldu da, nahiz eta astean zehar, batik-bat, presidenteak Sportingen aurkako partidaren ondoren esandakoagatik, bere lanari buruzko kritikak jasan behar izan dituen.
Eizmendik taldea "indartsu" dagoela uste du, nahiz eta azkeneko bi partidak galdu. "Niretzat ez da aste berezia izan, eta gainera, ez dut partida ez den beste ezerrekin nahastu nahi". Aurkariari buruz mintzatzerakon, Ferrolgo Racing kontraerasoan "arriskutsua" dela nabarmendu du.
Riesgok Realean segitu nahi du
Asier Riesgo protagonista izan da Zubietan. Espanyolek atezaina fitxatu nahi duela zabaldu da, baina jokalariak hemen segitu nahi duela esan du. “Beti amestu dut hemen jokatzearekin, eta nire asmoa bertan jarraitzea da. Hemen segi nahi dut, eta Realarekin Lehen Mailan jokatu” adierazi du.
Denboraldiko posterra aurkeztu dute
Realak eguerdian aurkeztu du denboraldiko posterra Donostiako haizearen orrazian. Denera 30.000 poster dira, bazkideek Realeko dendetan dohan, eta bazkide ez direnek bi euro ordainduta jasoko dutena.