2008/03/28
Gregorio Rojo Vital Kutxako presidentea karguan jarraitzeko hautagai izan daitekeen bozkatu zuen atzo, osteguna, erakundeko Kontrol Batzordeak. Emaitza Rojoren aurkakoa izan da, batzordeko zortzi kideetako lauk haren kontra egin baitute, eta hiruk alde. Bestea abstenitu egin da.
Rojo kutxako kontrol karguetan izan da azken 16 urteetan eta, PPren arabera, legez kanpokoa da berriro hautagai izatea. Sozialistek eskatu dituzten txosten juridiko batzuek, baina, kontrakoa diote.
Vital Kutxako Kontrol Batzordea 8 kidek osatzen dute. Lau PPren aldekoak dira, 3 PSEren aldekoak, eta bestea CCOOren ordezkari da.
Rojoren hautagaitza blokeatzeko ez denez gehiengo osoa izan, azken erabakia kutxako Batzorde Nagusiak hartuko du igandean, erakundeko organo gorena baita. EAJk eta PSEk akordioa dute Rojo presidente izan dadin.
Atzoko bozketaren ondoren, PPk adierazi du "hautagaitza guztiak" onartu dituztela, "Gregorio Rojorena izan ezik".
Hori dela eta, hautagaitza zuzentzen ez badute, ezin izango dutela Batzorde Nagusian aurkeztu ziurtatu du.
Vital Kutxak igandean amaituko du Batzorde Nagusiko kideen erdiak berritzeko prozesua. Egun horretan, Administrazio Kontseiluko 8 kide izendatuko dituzte (16 dira orotara), eta ondoren hurrengo lau urteetan kutxako presidente izango dena aukeratuko dute.
Prozesua inportantea da EAEko kutxen arteko balizko bat-egitearentzat, PP aurka dagoenez orain arte Vital Kutxak uko egin baitu.