2008/03/27
Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministroak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak nazioarteko finantza erakundeen arteko elkarlan handiagoa sustatzea adostu dute, etorkizuneko krisialdiak prebenitzeko.
Agintariek eztabaida bat eskatu dute AEBekin eta beste herrialde batzuekin, "finantza egonkortasuna sustatzeko neurrien" inguruan. Baliteke eztabaida hori G-7ko Finantza ministroek datorren astean Washingtonen izango duten bileran eta Nazioarteko Moneta Funtsak eta Munduko Bankuak aurreikusita dituztenetan hastea.
Beste alde batetik, Brownek eta Sarkozyk euren herrialdeen arteko elkarlan nuklearra areagotzea adostu dute. Britainia Handiak Frantziak energia mota horretan duen esperientziaz baliatu nahi du. Izan ere, herrialde horretan erabiltzen den energiaren %80k jatorri nuklearra du.
Beste alde batetik, Sarkozyk ez du argitu Txinak Tibeten aurrean duen jarrera dela eta azkenean Frantziak Joko Olinpiarrei boikota egingo dienik. Brownek, ordea, Britainia Handia aurtengo udan Pekinen izango den hitzordu horretara joango dela adierazi du.