BELGIKAKO HIRIBURUAN

Euskadiko Ikasleen Orkestra Bruselan arituko da

2008/03/27

Guridi Musika Kontserbatorioan, Euskalduna Jauregian eta Kursaal Auditorioan eta azkenik Bruselan arituko dira zuzenean.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskadiko Ikasleen Orkestrarekin antolatutako kontzertuen berri eman du. Orkestra gazteak Bilbon, Donostian eta Gasteizen joko du lehendabizi eta Bruselan arituko da ondoren programazioa amaitzeko.

Euskadiko Ikasleen Orkestra gehienbat 14 eta 18 urte bitarteko ikasleek osatzen dute, eta Bilboko Juan Crisostomo Arriaga, Donostiako Francisco Escudero eta Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioetako ikasleak dira.

Aita Donostiaren, Mozarten, Griegen, Guridiren eta Ginasteraren obrak joko dituzte. Alfonso Gomez pianista bakarlari gisa arituko da eta Diego Martinek zuzenduko ditu emanaldiak.

Lehenengo kontzertua martxoaren 29an izango da, Gasteizen, Guridi Musika Kontserbatorioan. Hurrengoa apirilaren 5ean eskainiko dute, Bilbon, Euskalduna Jauregian, eta azkenik, apirilaren 12an, Donostian, Kursaal Auditorioan. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira. Euskal Herrian aritu ostean, Bruselako Saint Michel antzokian joko du orkestrak, apirilaren 18an. Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburua, ere bertan izango da.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta