2008/03/27
Odon Elorza Donostiako alkatearen iritzian, "politikoki erreta" dago Juan Jose Ibarretxe lehendakaria. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, zorrotz kritikatu du Ibarretxeren proposamena. Plan horrek "banaketa" baino ez duela ekarri eta "marroi" bihurtu dela uste du alkateak. "Orain, nola edo hala, irtenbide bat eman beharko diote horri", gaineratu du.
Bestalde, EAJk "lidergoa galdu" duela adierazi du buruzagi sozialistak. Azken hauteskundeetan jeltzaleek lortutako "emaitza txarren" errua ezin zaio "bipartidismoari" egotzi, Elorzaren aburuz. "Bipartidismoa beti egon da, orain lau urte, zortzi urte edota Felipe Gonzalezen garaian", esan du. "Gizartearen balore aldaketa, nazionalismoa egungo errealitatera egokitu ez izana eta diskurtso kontrajarriak EAJren baita" dira, besteak beste, Donostiako alkatearen ustez, EAJren "gainbeheraren" arrazoiak. Lehendakariaren planak eta kontsultak ere "Madrilekin arazoak eta alderdiaren baitan arazoak" baino ez dituztela sortzen azpimarratu du.
Etorkizuneko akordioei buruz galdetuta, Elorzak onartu du euskal sozialistek laguntza beharko luketela EAEn gobernura iristeko. Donostian duten formula, PSE, EB eta Aralarren arteko elkarlana, bideragarria ikusten duela adierazi du, "EAJ eta EAren kaltetan". "Espainiakoa beste kontu bat da. Espainian PSOEren eta EAJren artean akordioa lortzeko interesa egon daiteke", zehaztu du.