TIBET ETA TXINAREN ARTEKO GATAZKA

Dalai Lamak Txinako Gobernuari: "Gezurrekin ez dago funtzionatzerik"

2008/03/27

Horrez gain, Tibeteko monje talde batek Lhasan, Johkangeko tenpluan, egiten ari ziren prentsaurreko bat eten du, Txinaren aurka protesta egiteko. Monjeek Pekingo agintariei "gezurti" deitu diete.
Tibetar monjeen protesta. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Tibetar monjeen protesta. Argazkia: EFE

Dalai Lama Txinako Gobernuari zuzendu zaio gaur eta Pekini esan dio "errealitatea onartu" behar duela, "XXI. mendean gezurrekin funtzionatzerik ez dagoelako".

Budisten buruzagiak New Delhin egin ditu adierazpenok. Horrez gain, nazioarteko herrialde "lagunei" Tibeteko egoeraz kezkatzeko eskatu die.

"Txinako Gobernuari eta ahalmena duten agintariei errealitatea onartzeko unea iritsi zaiela adierazi nahi dut", izan ere, "XXI. mendean ezinezkoa da gezurrekin funtzionatzea", azpimarratu du.

Pekingo agintariek esan zuten Dalai Lama dela azken egunetan Txinako zenbait probintziatan gertatzen ari diren protestaldien erantzulea eta adierazpen horien ondotik etorri dira tibetarren buruzagi izpiritualaren hitzak.

"Txina gezurretan ari da"

Bestalde, Tibetek Txinari desafio egin dio. Monje talde tibetar batek Johkang tenpluan, Lhasan, egiten ari ziren prentsaurreko bat eten du, Txinaren politika salatzeko. Pekingo agintariak gezurretan ari direla esan die bertan bildutako kazetariei. Hain justu bi aste joan dira tibetarrek manifestazioei ekin zietenetik eta Txinak errepresioarekin erantzun zuenetik.

Txinako Gobernuak lehen aldiz eman die baimena kazetari atzerritarrei Lhasan sartzeko, "herrialdean segurtasuna lehengoratu dela erakusteko". Eta monjeek aukera hori aprobetxatu dute euren aldarrikapena ozen egiteko. Jokhangen, budismo tibetarraren tenplurik sakratuenean, sartu dira monjeak protesta egitera. Txinako agintariek euren aurka eta Dalai Lamaren aurka egiten ari diren errepresioa salatu dute.

"30 bat monje sartu dira prentsaurrekoa egiten ari zirela eta ez iezaiezue sinistu, gezurretan ari dira oihukatu dute", adierazi du USA Today egunkariko Callum Macleod kazetariak.

ETTV Taiwaneko telebista kamera batek azaldu duenez, gertakariak 15 minutu iraun ditu, Poliziak tibetarrei mehatxu egin dielako eta tenplutik urrundu dituelako. Beste informazio batzuen arabera, zenbait monjeari ez diete ateratzen utzi.

Ez dago argi gero zer jazo den. Ez Poliziak eta ez Gobernuko agintariek ere ez dituzte kazetariek jasotako irudiak eta informazioa konfiskatu, baina prentsaurrekoa amaitutzat eman dute eta tenplutik alde egiteko agindu diete.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta