2008/03/27
Euskal Autonomia Erkidegoko urtegiek husten jarraitzen dute etengabe ari duen euriaren ondorioz.
Zadorrako urtegien jarraipenerako mahaiak hala erabakita Arabako Uribarriko urtegiak uhateak iragan gauerdian ixtea aurreikusita bazegoen ere, azkenean ez dituzte itxi eta husten jarraitzen du.
Uribarriko urtegitik segundoko 20 metro kubiko ur ateratzen ari dira. Arabako Urrunagan ere kopuru bera husten aritu dira baina orain segundoko bost metro kubiko hustera igaro dira. Gipuzkoako Aņarbekoa, bestalde, modu naturalean ari da husten (honek ez dauka uhaterik) iragan asteazkeneko 01:00az geroztik. Txingudi ingurua urez hornitzen duen San Antongo urtegia ere husten hasi dira.
Arabako bi urtegiek Zadorrara isurtzen dute ura eta ibaia "ondo" hartzen ari da gehiegizko ur hori, euria etengabe ari duen arren eta, oraingoz, Gasteizen ez dago urez gainezka dagoen tokirik, Zadorrako urtegien jarraipenerako mahaiko iturriek jakinarazi dutenez.
Urrunagako urtegiak ur maila asko gutxitu du eta egoera dagoeneko ez da "kezkagarria", iturri beren arabera.
Atzo, Gasteiz eta Bilbo urez hornitzen dituen Zadorrako urtegien jarraipenerako mahaiak "ez ohiko" erabakia hartu zuen, hain zuzen, Urrunagako uhateak zabaltzea. 20 urte zeramatzaten, gutxienez, neurri hori hartu gabe. Urtegia bere ahalmenaren %93ra iritsitakoan hartu zuten erabakia, eguraldi iragarpenen arabera, euri gehiago egingo zuela jakinda, gainera.
Uribarriko urtegiaren ura ere jasotzen ari da Zadorra ibaia. Bi egun daramatza segundoko 20 metro kubikoko kopurua husten.
Bestalde, Urrunagako urtegitik ura husten eta horrekin argindarra sortzen jarraitzen du Iberdrolak, segundoko 30 metro kubikoko erritmoan (hiru egun daramatza horrela). Gehiegizko ur hori Zadorrara beharrean, Kantauri itsasorantz doa.
Teknikarien arabera, Zadorra segundoko 70 metro kubiko ur hartzeko gai da. Orain Uribarritik eta Urrunagatik segundoko 25 metro kubiko hartzen ari da.
Azkenik, iturri beren arabera, Arabako urtegien eta Zadorraren egoera "egonkortze aldera doa", eguraldiak txarrera egiten ez badu eta euri gehiago egiten ez badu, behintzat.
Eguerdian batzartuko da berriro Zadorrako urtegien jarraipenerako mahaia.
Oraingoz arriskua ez da berehalakoa
Oraingoz ez dago ibaien gorakadagatik berehalako arriskurik baina arreta bereziarekin ari dira jarraitzen Gasteizen Astegietako, Betoņoko eta Gamarrako industria-guneak eta Arabako Villodas eta Tras Ponte herriak, Zadorrak gainezka egin lezakeen arriskuaren aurrean.
Urak urtegiak gainditu aurretik pitin bat hustea lortu nahi izan dute uhateak irekiz eta neurtuz egiten ari dira, gainera, ibaiek ur-emaria handia onar zezaten.
Dena dela, iragarpen meteorologikoak ohartarazi du datozen orduetan 40-45 litro euri izango ditugula metro karratuko eta horrek uholdeak eragin ditzake Gasteiz inguruetan, ibaiek ezingo baitute ur hori guztia bideratu.
Jose Manuel Bully Gasteizko hiritarren segurtasunerako zinegotziak azaldu duenez, abisatuta daude enpresak.
Nafarroak aurrealerta egoeran jarraitzen du
Nafarroako Larrialdi Agentziak, bere aldetik, aurrealerta mailari eustea erabaki du ostiralera arte, eurite berriak izango baitira eta Nafarroako Pirinio gainetan dagoen elurra ere urtzen hasiko dela aurreikusten baita. Dena dela, ibai guztiak bere onean dira oraingoz.
Ebroko Konfederazio Hidrografikotik adierazi dutenez, ibaien igoerak "neurrikoak" izaten ari dira, "izugarrizkoa izatetik oso behera". Gainera, Ebroko arroak lehorte egoeran jarraitzen duela ohartarazi dute, "ura eta elurra goialdean pilatu baita Ebroko ezkerraldea eta eskuinaldeari mesederik egin gabe".
Itoitzeko urtegia ere goraino dago, bere edukieraren %93an, Agoitzeko alkateak jakitera eman duenez. Halere, ez dute uhateak irekitzeko asmorik urtegian probak egiten ari baitira eta edukiera maximora iritsi arte.
Bigarren mailako alerta Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian ere alerta egoeran daude ibaien emariaren handitzea dela eta. Azken orduotan bigarren mailako alerta – lau alerta maila daude– ezarri dute hiru ibaiek gainezka egin dezaketelako.
Hauek dira ibaiok: Errobi, Baiona parean; Udazuri, Azkainen eta Senperen; eta Uhaitza, Maulen.
Goizean zehar euria gogotik bota du eta hiru ibai horien ur-emariak nabarmen egin du gora.
Kontsultatu eguraldiari buruzko albisteak, ikus ezazu eitb24n argazki-galeria, eta bidali zure argazkiak eguraldiblogera eta bideoak ZUkazetarira.