2008/03/26
Juan Jose Cortes Mari Luz Cortesen aitak "zuzentasunik zuzenena" eskatu du alabaren "hiltzailearentzat". Martxoak 7an neskatoaren gorpua agertu zen Huelvako itsasadarrean, 54 egun desagertuta egon ondoren.
Cortesek ez du ikerketari buruzko zehaztasun gehiago eman nahi izan "bukatzen ez den bitartean. Hori dela eta, "pazientzia eta guztion amorrua barruan mantentzea" eskatu du, "azkenean bakoitza bere tokian jarriko dutelako".
Mari Luzen aitak akusatuak esandakoa errefusatu du, eta ez du uste neskatoa istripu baten ondorioz hil zenik, azpimarratu duenez, "gauza horiek gertatzen direnean ardura hartu beharra dagoelako eta, nolanahi ere, delitu bat delako, auto harrapaketa bat eginda laguntzarik ematen ez denean bezala".
Lau inputatu
Lau lagun inputatu dituzte "nahi gabeko giza hilketagatik", neskatoaren desagerpenarekin eta heriotzarekin lotura dutelakoan. Atxilotuen artean atzo Cuencan atzemandako senar-emazteak, eta susmagarri nagusiaren anai bat eta arreba bat daude.
Hori da ikerkuntzako iturriek adierazi dutena. Gainera, S.V.G. (52 urte) ustez neskatoa hil zuena eta horren anai-arreba bi Cuencako polizia-etxean atxilotuta daudela azaldu dute. Susmagarri nagusiaren emaztea, ordea, karguekin aske utzi dute.
Martxoaren 7an topatu zuten bost urteko neskatoaren gorpua Huelvako itsasadar batean, 54 egunez haren arrastorik gabe egon ondoren.
El País egunkariak bere webgunean zabaldu duenez, hilketa aitortu du atxilotutako gizonak. Bere emaztea ere atxilotuta dago, baina Poliziaren arabera, galdeketa egiteko hartu dute preso. 52 urteko gizonezkoa da ustezko hiltzailea, Huelvakoa.
Atxilotuak neskatoa istripu baten ondorioz hil zela dio
Ikerkuntzako iturriek Mari Luzen gorpuari autopsia egin ziotenean saihets bat hautsita zuela konturatu zirela azaldu dute. Euren ustez, baliteke lesio hori borroka baten edo haurra geldiarazten saiatzearen ondorio izatea.
Hala ere, iturri horiek Mari Luzen gorpuari autopsia egin ziotenean saihets bat hautsita zuela konturatu zirela azaldu dute. Euren ustez, baliteke lesio hori borroka baten edo haurra geldiarazten saiatzearen ondorio izatea.
Ikerketa arduradunek ere deklarazioaren lehen datuak jakinarazi dituzte. Antza, gizonak onartu du Mari Luz berekin zegoela hil zen unean, baina "istripu baten ondorioz" hil zela adierazi du.Atxilotuaren hitzetan, neskatoa "bere borondatez" zegoen berekin; "erori" eta hil egin ei zen.
Mari Luzen familia bizi den auzo berean bizi ziren atxilotuak, baina neskatoa desagertu eta gutxira Cuencara joan ziren bizitzera. Ikerketa zabaldu zenetik, susmagarrietako bat zen gizonezkoa.
Aurrekariak ditu pederastiarekin lotuta
Ikertzaileen ustez, baliteke sexuak eragin izana hilketa. Ustezko hiltzaileak aurrekariak ditu pederastiarekin lotuta eta bere alabengandik urruntzeko agindua du
Gobernu Zentralaren ordezkaritzatik adierazi dutenez, gorpua agertu zenean zabaldutako ikerketa-bide berriaren ondorio izan da atxiloketa. Antza, gorpuan aurkitutako arrastoetan oinarrituta hartu dute preso gizonezkoa.
Kasua sekretupean dago. Mari Luzen gorpuari bi autopsia egin dizkiote eta emaitzak, dagoeneko, epailearen esku daude. Bigarren autopsia familiak eskatu zuen.
Samina eta haserrea bizilagunen artean
Bikotearen atxiloketaren berria berehala zabaldu da Mari Luzen auzoko bizilagunen artean. Tentsioa eta haserrea nagusitu dira. Dozenaka lagun atxilotuen etxearen atarian bildu dira eta justizia aldarrikatu dute, batez ere, gizonezkoarentzat.