EGURALDIA

Zadorrako urtegietatik ura ateratzea adostu dute

2008/03/25

Gauerditik aurrera, segunduko 20 metro kubiko hustuko dituzte. Lizarra, Tutera, Huarte eta Atarrabiako Udalek zaintza berezia ezarri dute Arga, Arakil, Ega eta Ultzama ibaietan gainezka egiteko arriskua baitago.
Ullibarri urtegia. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Ullibarri urtegia. Argazkia: EiTB

Zadorrako urtegietako jarraipen mahaiak segundoko 20 metro kubiko ur ateratzen hastea erabaki du, Ullibarriko urtegiak itsasoaren gainetik 545,10 metroko kotara heltzerakoan.

Urtegiaren kudeaketan nahasitako erakunde guztiak biltzen ditu mahai horrek eta aho batez hartu du erabaki hori.

Gero, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari erabakiaren berri eman diote, hura baita azken arduraduna.

Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdietako zerbitzuetako zuzendaritza, Gasteizko Udala, AMVISA, Bilbo-Bizkaiko Uren Partzuergoa eta Iberdrola mahaiaren bileran izan dira.

Bileran izandakoek adostasun mailagatik pozik atera dira eta bihar berriro bilduko dira datu berriak aztertzeko eta, beharrezkoa izatekotan, ura ateratzearen inguruan erabaki berriak hartzeko.

Azken egunotan jausitako euria dela eta, Euskal Herriko hainbat urtegi gehienezko edukieran daude eta zenbait ibaik (batez ere Nafarroan) gainezka egiteko arrisku bizia dago.

Gasteiz eta Bilbao urez hornitzen dituzten Zadorrako urtegiak (Ullibarri eta Urrunaga) edukieraren %82 eta %89ko mailan daude.

Urrunagako urtegitik hasi dira jada ura ateratzen eta bide batez argindarra sortzen, baina ez da huste handia izan. Arratsaldeko bileran uhateak irekitzea aztertuko dute eta, halakoetan, ur kantitate handiagoa askatzen da.

Datozen egunetarako emandako eguraldi iragarpenaren arabera, euria gogotik egiten jarraituko du eta elurra urtzen hasiko da. Hala, litekeena da urtegien edukiera gehiago haztea.

Ullibarriko urtegian 120,755 hektometro kubiko daude bilduta (edukieraren %82,94) eta Urrunagan %89ko mailan daude (63,858 hektometro kubiko).

Nafarroan ere, erne

Lizarrako, Huarteko, Tuterako eta Atarrabiako udalak alerta egoeraren lehen fasean daude, herri horietako ibaiek gainezka egin dezaketelako, azken egunotan euriteen ondorioz.

Nafarroako Larrialdietarako Agentziak jakinarazi die gaur goizean aipatutako udalei alerta maila ezartzeko eta ibaien inguruan zaintza berezia jartzeko.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin lanean ari dira, Arga, Arakil, Ega eta Ultzama ibaiak zaintzen. Foruzaingoa eta Nafarroako Suhiltzaileak ari dira lan horretan.

Arakil ibaiak gainezka egin du Uharte-Arakilen eta NA-2410 errepidea ixtera behartu du horrek, Foruzaingoak jakitera eman duenez.

Horrez gain, Arga ibaiak gainezka egin dezakeela eta, 12:00etatik ibilgailuek debekatuta dute Landabengo (NA-30) industrialdera sartzea. Foruzaingoa Orkoiengo Ipertegi poligonotik ari dira ibilgailuak bideratzen.

Nafarroako iparraldeko errepideetan arazoak izan dira, lur-jausiak tarteko. Honakoak dira tarteka itxitako bideak: la N-4410, la N-135, Ibañetako jaitsiera, NA-170 eta la NA-4150.

Bidasoa ibaiak ere gainezka egin dezake eta NA-121-A errepidean arazoak sor ditzake. Beraz, arreta handiz gidatzea gomendatu dute. Lizarrako, Uharte-Arakileko, Tuterako eta Atarrabiako Udalek ibaien inguruan zaintza berezia jarri dute eta alerta egoeran dira. Arga gainezka egiteko zorian da Atarrabian eta etorbidea urak har dezake.

Bestalde, ibaien inguruan autorik ez uztea gomendatu du Iruñako Udaltzaingoak, Arrotxapea eta Magdalenako auzoetan bereziki. Arazuri industrialdean, A-15 autobideko sarreran arazoak sortu ditu errepidean pilatutako urak.

Burlatan, esaterako, El Sotoko aparkalekuan utzitako autoak bertatik kentzeko abisua eman dute.

Denboralea arintzen joango da

Iberiar penintsulako ipar-partea gogor astindu duen elur eta haize denboralea gaurtik aurrera arinagoa izango den arren, Babes Zibilak alerta egoerari eustea erabaki du lau erkidego autonomotan.

Alertan izango dira, beraz, Nafarroa, EAE, Asturias eta Kantabria. Azken horretan, gainera, dispositibo berezia jarri dute abian bost ibaik gainezka egingo balute ere: Saja, Besaya, Pas, Miera eta Ason ibaiak dira horiek.

Euskalmet euskal meteorologia zerbitzuak iragarri duenez, ez du atertuko gaur ere, baina euria arintzen joango da. Giroa goibela izango da oraindik, hala ere. Elurra egingo du, baina 1.200-1.300 metrotik gora.

Iparraldeko haizeak indarra galdu egingo du eta ahulago ibiliko da orokorrean, kostaldean oraindik haize-bolada biziren bat gerta daitekeen arren; Ebro bailaran ziertzoa tarteka harrotu egingo da. Tenperaturak gora egingo du beste apur bat.

Azken egunotan euri ugari egin du eta mendietako elurra urtzen hasi da. Hori dela eta, zenbait ibaien emaria nabarmen handitu da. Kadagua ibaiak, esaterako, gainezka egin du Balmasedan, zenbait tokitan, baina ez du ezbehar handirik eragin.

Asteazkenetik aurrera ere ez dirudi eguraldiak aldatze aldera egingo duenik. Izan ere, euria goitik behera botako du ostiralera arte eta egunotako joerarekin jarraituko du. Datorren asteburuan, dena dela, litekeena da oso bestelako eguraldia izatea.

Kontsultatu eguraldiari buruzko albisteak, ikus ezazu eitb24en argazki-galeria, eta bidali zure argazkiak eguraldiblogera eta bideoak ZUkazetarira.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta