2008/03/19
Hilabete pasatxo falta da Carlos Gurpegik bi urteko zigorra betetzeko. Caparrosek apirilaren 23an zelairatzeko aukera izango du. Egun horretan sasoian egoteko prestaketa berezia egiten ari da erdilari nafarra. Amurrion jokatu duten entrenamendu-lagunartekoa prestaketa horren barne zegoen.
Aspaldiko partez partida oso bat jokatzeko aukera izan du. "Bigarren zatian nekatu egin naiz. Hala ere, enntrenamendu berezi hauek onak dira luzaroan jokatu barik egon ostean".
Andosillako jokalaria orain arteko sufrikarioa atzean utzi eta futbolari sentitzeko irrikaz dago. "Azken urteak oso gogorrak izan dira. Ahaztea gura dut. Caparrosek lehen partidan zelairatzen banau Athleticek salbazioa eskuan duela esan gurako du".
Lehiaketa Batzordeak atzo hartutako erabakia ere izan du hizpide. Gurpegik argi dauka Villarrek ez diola faborerik egiten Athletici. "Ez dago Villarren eskurik. Horrela balitz, 144 partida beharrean 200 baino gehiago eramango nituzke Athleticekin".