BOST URTEREN ONDOREN

'Apurtu arte', Etsaiak taldearen lan berria

2008/03/10

Amorotoko Musikorta estudioan grabatu zuten 2007ko abenduan, eta 14 abesti labur, azkar eta gordin biltzen ditu, gehienak euskaraz.

Bost urtez diskorik argitaratu gabe egon ostean, Apurtu arte izeneko lan berria argitaratu du Etsaiak taldeak. Izenburua ere ez da halabeharrez sortua. "Apurtzera gatoz disko honekin. Kontzertu puntual eta potoloak jo ditugu azken bi urteetan eta horrek piztu digu bueltatzeko ilusioa. Disko astintzailea izango zela argi geneukan eta oso pozik gaude emaitzarekin", dio Paulek (bateria eta koroak).

Guztira 14 abesti jaso dituzte Apurtu arte diskoan. Kanta laburrak, azkarrak eta gordinak. Denak euskaraz, hiru izan ezik. Punk, hardcore, thrash eta metal soinuak nahasten dituen lanak ezusteko batzuk ere baditu. "Ez douz ahaztuko" abestia, adibidez.

Apurtu arte Amorotoko Musikorta estudioan grabatu zuten 2007ko abenduan, eta Baga-biga musika ideiak enpresaren eta Etsaiak taldearen artean ekoiztu dute. Nahasketak Lamiña estudioan egin zituzten Natxo Libertyk eta Jose Lastrak urtarrilean eta, kolaborazioen artean, Des-Kontrol taldeko Magu eta Odei, Nok taldeko Laila eta Anarko taldeko Podri nabarmendu behar dira.

Larunbatean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian eman zuten lan berria aurkezteko aurreneko kontzertua. Datozen egunetan, berriz, Iruñean (martxoaren 15ean Totem aretoan), Lezon (martxoaren 21ean Gazte Topagunean) eta Bilbon (martxoaren 28an Zorrotzako gaztetxean) joko dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta