2008/03/09
Espainiako Parlamentua duela lau urte baino homogeneoago geratu da martxoaren 9ko hauteskunde orokorren ostean.
PSOEren eta PPren arteko alderdi-bitasuna indartu egin da, bien artean 11 diputatu kendu baitizkie EAJri, IUri, ERCri eta CCri.
Hauteskundeak PSOEk irabazi ditu eta, ondorioz, beste lau urte emango ditu Moncloan. Orotara 169 eserleku lortu ditu, hau da, 2004an baino bost gehiago.
PPk eutsi egin dio eta sei eserleku gehiago lortu ditu. 154 izango ditu legegintzaldi honetan.
Hirugarren alderdia CiU izango da berriro, 2004an lortutako 10 eserlekuei eutsi egin baitie.
EAJk diputatu bat galdu du eta 6rekin geratu da. IUk 2 lortu ditu, duela lau urte baino 3 gutxiago, eta ERCk, aldiz, kolpe handiena jaso du, 2004an 8 eserlekutik izatetik 3 baino ez izatera pasatu baita.
NaBaik duela lau urte lortu zuen eserlekuari eutsi dio, eta EAk zuena galdu du. Unai Ziarretaren alderdiak ez du ordezkaritzarik izango hurrengo legegintzaldian.
Bere partetik, UPyD, Rosa Diezen alderdia, estreinakoz izango da Kongresuan. Eserleku bat lortu du, Madrilen.
Estatuan, abstenzioa %24,69 izan da, duela lau urte baino hiru dezima gehiago.
Euskal Autonomia Erkidegoa
EAEn, PSEk EAJri lekua hartu dio eta sozialistena izan da alderdirik bozkatuena. EAEn jokoan zeuden 19 eserlekuetatik 9 lortu ditu. EAJk sei eskuratu ditu eta, beraz, ordezkari bat galdu du Kongresuan. EAEko PPk ere ordezkari bat gutxiago izango du, izan ere, 2004an lau izatetik hiru izatera igaro da.
EAk ez du eserlekurik lortu, duela lau urte ordezkari bat izan zuen arren.
EAEn parte hartzea %64,9 izan da: hamar puntu gutxiago, duela lau urte baino.
Araban sozialistek bi eserleku lortu dituzte, PPk bat eta EAJk beste bat. Parte artesa %70 izan da. Duela lau urte baino %77 izan zen.
Bizkaian, PSE-EE-PSOEk lehenengo aldiz irabazi du. 4 eserleku lortu dituzte, EAJk hiru (bat galduta) eta PPk bat (lehen bi zituen). Aurtengo parte artesa %67,51 izan da. 204. urtean, berriz, %75,83 izan zen.
Gipuzkoan ere sozialistak izan dira nagusi. 3 diputatu lortu dituzte. Jeltzaleek 2 eta PPk bat. Eak ez dio bereari eutsi. Gipuzkoan hautesleen %58,19k eman du botoa. Duela lau urte, %72,55ak.
Nafarroa
Nafarroari dagokionez, gauzak ez dira gehiegi aldatu eta alderdiek 2004ko emaitzak errepikatu dituzte.
UPN-PP izan da alderdirik bozkatuena eta lau diputatu lortu ditu, PSNk bezala.
Lurralde horretan jokoan zegoen bosgarren eserlekua Nafarroa Bairentzat izan da eta, ondorioz, Uxue Barkos berriro izango da diputatu Kongresuan.
Nafarroan abstenzioa %26,75 izan da. Duela lau urte abstenzioa % 23,78 izan zen.