ETA-REN ATENTATUA

Ibarretxe: "ETAk iparra galdu du behin betiko"

2008/03/07

Lehendakariak esan duenez, "kaleko gizon bat, langile, senar eta aita umil bat erailtzea koldarkeria eta doilorkeria izugarria da".
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Joseba Azkarraga eta Javier Madrazo sailburuak alboan dituelarik. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Joseba Azkarraga eta Javier Madrazo sailburuak alboan dituelarik. Argazkia: EFE

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak "basakeriatzat" jo du Isaias Carrasco PSEko zinegotzi ohiaren kontrako atentatua.

Hauteskunde-kanpainaren azken egunean izandako hilketaren ostean, "irakurketa politikoa" egiteari uko egin dio Ibarretxek, "ETAri protagonismoa" ez emateko. Horrez gain, larunbat honetarako udalerri guztietan deitutako elkarretaratzeetan parte hartzeko eskatu dio gizarteari.

Arratsaldeko 17:00etan komunikabideen aurrean egin duen agerrialdian, Joseba Azkarraga eta Javier Madrazo sailburua alboa izan ditu. "ETAk berriro dolua ezarri digu, euskal gizartearen bihotza mila zatitan txikitu du. Gure gaitzespen irmoena merezi du ETAk", esan du.

Ertzaintza lanean ari dela esan du, "atentatu izugarri hau egin dutenak atxilotu eta Justiziaren esku uzteko".

"Hauteskundeetarako bi egun falta direnean burutu den hilketa honen irakurketa politikoa egiteari uko egiten diogu, izan ere, hori eginez gero ETAk nahi duen eta merezi ez duen protagonismo politikoa emango genioke. Egin dutena izugarrikeria, basakeria da. Nazkatuta gaude ETAren indarkeriaz eta erabat sinistuta gaude iparra behin betiko galdu duela", azpimarratu du.

Lehendakariaren esanetan, "kaleko gizon bat, langile, senar eta aita umil bat erailtzea koldarkeria eta doilorkeria izugarria da".

Ibarretxeren hitzetan, "hilketak ez du inolako justifikaziorik; hilketa guztiak gaitzesgarriak dira, areago kaleko gizon batena, langile, aita eta senar umil batena".

"ETA soberan dago, oztopa da eta gainera hil egiten du" esan ostean, euskal gizarteak erakunde armatuari "mespretxua" diola azpimarratu du.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta