ETA-REN ATENTATUA

Eudelek elkarretaratzeak deitu ditu gaurko herri guztietan

2008/03/08

Bilkurak 12:00etatik 12:15era egingo dira. Horrez gain, astelehenean manifestazioa izango da 19:00etatik aurrera Arrasaten, Isaias Carrascoren hilketa gaitzesteko.

Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) elkarretaratzeak deitu ditu gaur, larunbata, eguerdirako EAEko udaletxe guztien aurrean Isaias Carrasco PSEko zinegotzi ohiaren kontrako atentatua salatzeko.

Eudelek, agiri baten bidez, 12:00etan hasiko diren eta 15 minutuko iraupena izango duten bilkura horiekin bat egiteko deia egin die udalei eta herritarrei.

Horrez gain, hauteskunde-egunaren ostean, astelehenean, arratsaldeko zazpietan, manifestazioa izango da Arrasaten.

Eudelek gogor gaitzetsi du atentatua eta "herritar bati erasotzen dionak, euskal gizarteari berari ere eraso" egiten diola nabarmendu du.

ETA "soberan" dagoela adierazi du eta bakea "demokraziaren bidez eta bizitza errespetatuta" soilik lortu daitekeela azpimarratu du.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta