ETA-REN ATENTATUA

Kanpaina ekitaldiak bertan behera uztea erabaki dute alderdi guztiek

2008/03/07

Euskal alderdi gehienek Carrascoren hilketa gaitzetsi dute.

Euskal alderdi guztiek, ezker abertzalea salbu, bertan behera utzi dituzte hauteskunde kanpaina amaierarako aurreikusita zituzten ekitaldiak Arrasaten Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohiaren hilketa dela eta.

EAJ

Josu Erkorekak, Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak, atentatua gaitzetsi du eta igandean bozkatzera "masiboki" joateko deia egin die herritarrei. Haren esanetan, "hori da ETAren intolerantziaren eta Euskadirako dituen proiektu maltzurren kontrako gaitzespena agertzeko modurik garbiena".

Buruzagi jeltzaleak nabarmendu duenez, "argi dago ETA agerian geratu nahi izan dela hauteskunde kanpainan eta bozetan eragin nahi izan du". Horrez gain, PSEri elkartasuna agertu dio.

PSE

Atentatua gaitzesten lehenetarikoa izan da Miguel Buen PSEk Gipuzkoako idazkari nagusia. Radio Euskadin adierazpenak egiten ari zela jakin du Carrasco hil dela.

PP

Mariano Rajoy Alderdi Popularraren presidenteak adierazi duenez, "ETA garaitu egingo dugu eta Isaias Carrascoren hiltzaileek kartzelan bukatuko dute". Atentatua gaitzesteko agerraldi labur batean Rajok esan duenez, "Isaias Carrascoren heriotzaren erantzuleak terroristak dira, ETAren hiltzaileak". Rajoyren hitzetan, erakunde armatuak "beren helburu politikoak lortzeko itxaropen oro galdu behar du" eta horretarako, "Legea, Zuzenbide Estatuaren erakundeak, Estatuko segurtasun indarrak eta Espainiako nazioan bizi diren 45 milioi biztanleen indar erostezina" aipatu ditu.

Ildo beretik mintzatu da Maria San Gil Euskadiko PPko presidentea. Ohartarazi duenez, "azken terrorista kartzelan sartu arte ez dugu ETA garaituko".

EA

Unai Ziarreta Eusko Alkartasuneko presidenteak, berriz, "aurrerantz egitearen eta arrazoiaren bitartez konbentzitzearen alde" agertu da eta Isaias Carrascoren hilketaren egileei "indarkeria eta erailketa" ez direla "bidea" adierazi die.

"Hau al da gure seme-alabek duten etorkizuna, merezi al ditu herri honek hiltzaile eta jendilaje hauek? Hori da geure buruari egin behar diogun galdera nagusia", esan du Ziarretak.

EB

Javier Madrazo Ezker Batua-Berdeak taldeko koordinatzaile nagusiak atentatua gaitzetsi du eta euskal gizarteari bozkatzera joateko deia egin dio. Haren aburuz, "hori da ETAri min gehien egiten diona: igandean bakearen, elkarbizitzaren, demokraziaren eta askatasunaren alde bozkatzea".

Madrazo Deba Goieneko Ospitalean izan da Carrascoren familiari "babesa eta elkartasuna" agertzeko. Bertan, "atentatu basatiaren kontra deituta dauden gaitzespen ekitaldietan" parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Aralar

Aralarrek gaitzetsi egin du "ETA, hautesleak baldintzatzeko asmoz, kanpainan sartu izana". Nolanahi ere, herritarrei atentatuari "lasaitasunez" erantzuteko deia egin die.

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak "soilik bide politikoen aldeko apustua egiteko exijitu dio Batasunari" eta "pertsona guztien giza eskubideen defentsa aldarrikatu du, salbuespenik gabe".

UPN

UPNk ere atentatua gaitzetsi egin du eta ETA garaitzeko bide bakarra "instituzio demokratikoen sendotasuna" eta "Estatuko Indar eta Segurtasun taldeen eraginkortasuna" direla ziurtatu du.

Alberto Catalan alderdiko idazkari nagusiak irakurritako agiriaren arabera, ETAk "bizitzarekiko eta pertsonen eskubide oinarrizkoenekiko duen mesprezua erakutsi du berriz ere" gaurko atentatuaren bitartez.

Nafarroa Bai

Nafarroa Baitik Maiorga Ramirez nafar legebiltzarkideak gaitzespen "irmoa" agertu du atentatuaren harira eta bere egin du "justifikazio moralik eta politikorik ez duen ekintza baten aurrean gizarteak duen mina".

Ramirezek elkartasun mezu bat helarazi nahi izan die hildakoaren sendiari, alderdikidei eta lagunei eta gizartearen aurkako atentatutzat eta gertakari onartezintzat jo du hilketa.

PSN

Elena Torres PSNko idazkariorde nagusiak bere "amorru eta tinkotasun guztiarekin" gaitzetsi du gaurko atentatua eta alderdi demokratiko guztien "batasuna" eskatu du.

Torresek elkartasuna adierazi die zinegotzi ohiaren senitartekoei, lagunei eta "gaur egun askatasunean adierazteko eta kargu publikoak betetzeko zailtasuna duten Alderdi Sozialisteko" kidei.

NEB

Bestalde Nafarroako Ezker Batuak ekintza arbuiatu du eta ETAri adierazi dio ezin izango duela bere borondatea demokraziaren gainetik ezarri.

Alderdi honek agiri baten bitartez adierazi duenez, ETAk "krimen berri bat egin du gaur bere asmoak gizarteari terrorismoaren bidez inposatu nahian", baina argi utzi nahi izan dio erakunde armatuari "bere etorkizuna porrota baino ez dela".

Ezker abertzalea

Arantza Urkaregik Isaias Carrascoren aurkako atentatua Euskal Herriak bizi duen "salbuespen egoeran" kokatu beharra dagoela esan du. Salbuespen egoera horrek euskal independentismoarekin bukatu nahi du, Urkaregiren hitzetan.

"Gaur, zoritxarrez, liskarraren gordintasun osoa dugu aurrez aurre. Ezker abertzaleak ahal izan duen guztia egin izan du liskarrerako konponbide demokratiko bat aurkitzeko, herri honek ez duelako oinaze gehiago nahi. Herri honek benetako bakea eta demokrazia nahi eta behar dit", adierazi du Urkaregik.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta