ETA-REN ATENTATUA

Isaias Carrasco PSEko zinegotzi ohia hil dute Arrasaten

2008/03/07

Etxetik irtetean tirokatu dute Carrasco 13:30ean, auto barruan lanerako bidea hartzear zegoela. Deba Goieneko Ospitaleko medikuak suspertzen saiatu dira ordubetez baina ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko.
Ertzaintzako agenteak Isaias Carrasco hil duten tokian. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Ertzaintzako agenteak Isaias Carrasco hil duten tokian. Argazkia: EFE

Isaias Carrasco azken legegintzaldian PSE-EEko zinegotzi izandakoa tirokatuta hil dute gaur arratsaldean Arrasaten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baieztatu duenez.

Hainbat tiro jaso ditu eta ospitalera eraman dute. Bertan suspertzen saiatu dira, baina medikuek ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko. Atentatua 13:30ean jazo da, eta 14:45 aldera hil da.

Zinegotzi ohiak (42 urtekoa) politika utzi zuen eta Ap-1 autobideko bidesarian lan egiten zuen, Bidelan enpresan. 2003ko ekainetik 2007ko maiatzera izan zen zinegotzi Arrasaten, eta gaur egun ez zuen bizkartzainik. Hiru seme-alaba zituen.

Fernando Grande-Marlaskak ikerketa hasi du, atentatua jazo denean Auzitegi Nazionalean goardian zagoen epailea delako.

Haren sendia, lekuko

Antza denez, pertsona bakar batek tirokatu du, Navas Tolosa kaleko 6. zenbakiaren parean, zinegotzi ohia etxetik irteten ari zenean, ikerketako iturriak aipatuta EFE agentziak informatu duenez.

Biktima bakarrik zegoen erasoa gertatu den unean, baina, tiroen hotsa entzutean, haren emaztea eta alaba berehala atera dira kalera. Carrasco, gainera, gai izan da autotik irteteko eta pauso batzuk emateko, baina lurrera erori da autotik metro gutxi batzuetara.

Bi pertsonak hartu dute parte atentatuan

Javier Balza Herrizaingo sailburuak jakinarazi duenez, Isaias Carrascoren kontrako atentatuan bi lagunek hartu dute parte. Bietako batek PSEko zinegotzi ohia hil du eta besteak autoan itxaron dio. Balzak Arrasateko Ospitalean egin ditu adierazpenok.

Atentatuaren egileak bost aldiz egin dio tiro zinegotzi ohiari auto barruan, lanera joateko prest zegoela. Tiroketa Carrascoren etxe ondoan jazo da eta erasotzaileak 9 milimetro kalibredun Parabellum pistola bat erabili du, terrorismoaren aurkako iturriek jakinarazi dutenez.

Tiroek ibilgailuaren aurrealdeko kristalean erakusten duten ibilbidea ikusita pentsa daitekeenez erasotzaileak Carrasco tirokatzen jarraitu du biktima auto barruan mugitzen zen bitartean. Deba Goieneko Ospitaleak jakinarazitako agiriak dioenez, Isaias Carrascok heriotza eragin dioten hiru tiro jaso ditu gutxienez, bi hemitoraxean eta beste bat lepoan.

Lekukoen arabera, atentatuaren egilea altua da, bizar faltsua zeraman eta beltzez jantzita zihoan. Zinegotzi ohia tirokatu ostean korrika hasi da gris koloreko Seat Cordoba batean sartu arte. Matrikula faltsuak zituen autoaren barruan beste lagun bat itxaroten ari zen.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ere baieztatu du pertsona bakar batek bizkarretik tiro egin diola. Rubalcabak agerraldi laburra egin du kazetarien aurrean, eta Isaias Carrascoren hiltzaileak "auzipetu eta espetxeratu" egingo dituztela azpimarratu du.

Halaber, elkartasuna adierazi die biktimaren alargunari, hiru seme-alabei eta PSOEko militante guztiei, eta atentatua "hiltzaile talde batek egindako hilketa koldartzat" jo du. Gainera, ez duela espainiar gizartea makurraraziko ohartarazi dio ETAri.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta