EKUADOR-KOLONBIA KRISIA

Nikaraguak Kolonbiarekiko harremanak hautsi ditu

2008/03/07

Bestalde, Ekuadorreko militarrek ustez FARCeko bost gerrillari atxilotu dituzte Kolonbiako mugatik gertu dagoen ohian inguru batean. Martxoaren 1eko erasotik bizirik atera zirenak izan daitezke.
Daniel Ortega Nikaraguako presidentea eta Rafael Correa Ekuadorrekoa, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Daniel Ortega Nikaraguako presidentea eta Rafael Correa Ekuadorrekoa, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak Ekuadorrekin eta Venezuelarekin duen aliantza indartu du gaur, bi herrialde horiekiko "elkartasuna" adieraziz, Kolonbiarekiko harremanak haustea erabaki baitu. Nikaraguak eta Kolonbiak aspaldiko arazoak dituzte, gainera, elkarrekin.

"Nikaraguak, une honetan, Kolonbiarekiko harreman diplomatikoak haustea erabaki du" esan du herrialde horretako buruak, Rafael Correa Ekuadorreko presidentearekin batera, Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren (FSLN) egoitzan, Gobernuaren Etxea ere badenean, eman duen prentsaurrekoan.

"Harreman haustura hau ez da harreman historikoak ditugun Kolonbiako herriarekin. Alvaro Uriberen Gobernuak darabilen politika terroristarekin hausten ari gara" esan du Ortegak.

Ekuadorrek FARCeko bost gerrillari atxilotu ditu

Bestalde, militar ekuadortarrek FARCen ustezko bost gerrillari atxilotu dituzte Kolonbiako mugatik gertu dagoen oihan zati batean, Gustavo Larrea Ekuadorreko Barne eta Kanpo Segurtasunerako ministroak jakitera eman duenez.

Quiton, Presidentzian eman duen prentsaurrekoan, Larreak azaldu du atxilotuek FARCen uniformeak eta bereizgarriak zeramatzatela, ametrailagailu bat eta plastikozko karpa batez gain, eta Kolonbiarekin muga egiten duen Tanangue ibaitik gertu atzeman dituztela.

Martxoaren 1ean Raul Reyes eta beste 23 gerrillari hil zituzten erasoa gertatu zen tokian miaketak egiten ari zirela aurkitu dituzte ustezko gerrillariak eta handik bizirik aterakoak izan daitezkeela uste dute. "Bonbardaketa eta sarraskia gertatu zen tokitik gertu zeudela pentsatzen dugu" esan du ministroak.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta