DENBORALEAK ERAGINDAKO ARAZOAK

Bi hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte Hondarribian

2008/03/04

Donostiako suhiltzaileek, gainera, 15 bat irteera egin behar izan dituzte haizea dela eta. Arratsaldeko lehen orduan Arabako eta Nafarroako mendateetan daude arazorik gehien.
Altube, goizeko lehen orduetan. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Altube, goizeko lehen orduetan. Argazkia: EiTB

Eguraldi txarra eta lehen elur malutek zirkulazioa asko zaildu dute gaur goizean euskal errepideetan. Gainera, haize bolada gogorrak izan dira eta kazkabarrak ere gogor jo du toki askotan, arazoak ugarituz.

Arratsaldeko lehen orduotan, Arabako eta Nafarroako mendateetan dauzkagu arazorik gehien.

Araban, Herrizaingo Sailak arretaz gidatzeko eskatu du Azazetan, Barrerillan, Bernedon, Opakuan eta Herrera. Urduña itxita egon da kamioientzako eta kateak behar zituzten autoek, baina irekita dago berriz ere denentzat.

Nafarroan ere kontuz gidatzeko eskatu dute errepide sare guztian. Gainera, itxi egin dute NA-7510 (Aralarko San Miguel) 10. PKtik eta kateak erabiltzea beharrezkoa da NA-1370 (Belaguako mendatea) 12. PKtik.

Goizeko arazoak

Denboralea dela eta, Air Nostrumek bertan behar utzi behar izan du Hondarribia eta Madril artean joan-etorria egiten duen hegaldi bat. Madrildik 09:40etan irten, Hondarribira 12:00etan iritsi eta 13:00etan berriz ere Madrilera ateratzekoa zen hegaldia geratu da bertan behera.

Gainera, Donostiako Suhiltzaileek 15 bat abisu artatu behar izan dituzte goizean haizeak teiak, publizitate-kartelak, aldamioak etab. bota eta gero.

Ertzaintzak informatu duenez, gainera, A-8an bost kilometroko auto-ilarak izan dira Biriatouko bidesarian, Frantziarako noranzkoan.

Beste alde batetik, N-1ean, Gasteizerako noranzkoan, kamioi batek artaziarena egin du Beasain aldera eta errepidea zirkulaziora itxita egon da. Istripua izan duen ibilgailuaren gidaria Zumarragako Ospitalera eraman dute, larri zaurituta.

A-8an, Ortuella eta Barakaldo artean, Bilborako noranzkoan, auto-ilarra garrantzitsuak izan dira, eta gauza bera gertatu da Txorierriko korridorean, Sondika aldera eta Erletxerako noranzkoan. Bi-631a, Santo Domingo ganean eta Deriorako noranzkoan, oso motel ibili da zirkulazioa.

Nafarroan, N-113 errepidea zirkulaziora itxita egon da Castejonen, Tuterako noranzkoan, kamioi bat bidetik irtenda. Gidaria ospitalera eraman dute.

Pueyon, AP-15eko 60. kilometroan, Iruñerako noranzkoan, kamioi bat bidetik irten da eta gidaria ospitalera eraman dute.

Bide-zaintza planak

Denboralearen iragarpena kontuan hartuta, Neguko Bide-Zaintza Plana jarri dute martxan Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak.

Baliabide tekniko eta materialez gain, gidariei errepideetako informazioa eskuratzeko, kontuz gidatzeko eta elurtuta dauden errepideetatik gidatzea saihesteko eskatu diete. Era berean, mendian eta itsasoan ez ibiltzeko deia egin die herritarrei.

EAEko zirkulazioaren eta errepideen egoerari buruz galdetzeko 902 112 088 telefono zerbitzua jarri du martxan Herrizaingo Sailak. Bestalde, trafikoari buruzko web gunean ere kontsulta daiteke.

Nafarroako errepideen informazioa lortzeko, berriz, Nafarroako Gobernuaren webgunera sartu behar da edo 900 400 100 doako telefonora deitu.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta