KRISIALDI DIPLOMATIKOA

Correa: "Kolonbiaren erasoak Betancourten askatzea zapuztu zuen"

2008/03/04

Ekuadorreko presidenteak esan duenez, herrialde hori eta Frantzia bahituak askatzeko negoziaketetan zebiltzan Raul Reyesekin. Astearte honetan Amerikako Estatuen Erakundeak premiazko bilera izango du.
Rafael Correa Ekuadorreko presidentea. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Rafael Correa Ekuadorreko presidentea. Argazkia: EFE

Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak iragarri duenez, Kolonbiak FARCen aurka Ekuadorren aurrera eramandako operazio militarrak gerrillak bahituta dituen 12 lagunen askatzea zapuztu zuen, Ingrid Betancourtena barne.

Telebista kate batean Correak azpimarratu duenez, Ekuadorreko eta Frantziako Gobernuen arteko negoziaketak oso aurreratuta zeuden Ekuadorren 12 lagun aske uzteko, Ingrid Betancourt barne. Orain, ordea, “nagusikeriak eta gerrazaletasunak dena zapuztu du”, esan du Correak.

Beranduago, telebistan izandako agerraldi horretan, Gustavo Larrea Ekuadorreko Segurtasunerako koordinaziorako ministroak gai humanitarioak zirela eta FARCekin bilerak izan zituela onartu du. Bilera horien helburua bahituen askatzea bilatzea zela esan du, besteak beste, Ingrid Betancourtena.

Correaren arabera, baliteke “bakearen etsaiek aurrera eramandako erasoaren zergatietako bat” bahituak aske uzteko prozesua galarazi izana. Ekuadorren FARCek zuten kanpamentuaren aurka izan zen eraso hori, eta Raul Reyes gerrilla horretako nazioarteko eleduna bertan hil zen.

“Raul Reyes Ekuadorren hilda eta ondoren herrialde hori FARCekin lotuta Uriberen Gobernua zeren bila zebilen” galdetu dio bere buruari Correak.

Kolonbia Planean parte hartzea errefusatu izanagatik agian Uribek Ekuadorreko Gobernuarengan “ezegonkortasuna piztu” nahi izango zuela adierazi du Correak. Washingtonen laguntzarekin gerrillaren eta narkotrafikoaren aurka egiteko eta “Ekuadorren euren onurarako presidente bat jartzeko” da Kolonbia Plan hori.

Ekuadorren ez dago FARCen “santutegirik”, Correaren arabera. Gainera, 2007an, agintean zegoela, gerrilla horrek Ekuadorreko oihanean zituen 47 kanpamentu desegin zituztela baieztatu du Correa Ekuadorreko presidenteak.

Krisialdi diplomatikoa

Kolonbia Ekuadorren eta Venezuelaren aurka jarri duen krisialdiak gora egin zuen atzo, Quitorekin harreman diplomatikoak hautsita eta Kolonbiak Caracasen duen enbaxadorea kanporatuta.

Astearte honetan premiazko bilera izango du Amerikako Estatuen Erakundeak, Kolonbiaren albokoek herrialde horrekin harremanak eten izana aztertzeko. Kolonbiako Armadak Ekuadorren aurrera eramandako operazio militarrak hori eragin zuen. Operazio horretan 21 gerrillari hil zituzten soldadu kolonbiarrek, Raul Reyes FARCeko “bigarrena” barne.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta