ATENTATUA PSE-EEREN AURKA

ETAren atentatua arbuiatu egin du Derioko ANVk

2008/02/29

Alderdi abertzaleak elkartasuna adierazi die PSE-Eeko militante eta kaltedun guztiei eta “tankera honetako indarkeria ekintzek” ez dutela “inora eramaten” nabarmendu du.

Jon Ruiz Derioko EAE-ANVren zinegotzia ez da gaur goizean ETAk PSE-EEren egoitzaren aurkako atentatua gaitzesteko saioan egon, ez baitio inork abisatu, zinegotziak berak azaldu duenez.

Hori dela eta, arratsaldean agiria publikatu eta "gaitzespen irmoena" agertu du atentatuaren aurrean. Gainera, elkartasuna adierazi die "PSE-EEko militanteei eta kaltedunei".

"Tankera honetako indarkeria ekintzek ez dute inora eramaten, sufrimendua luzatu eta Euskal Herrian bizi dugun gatazka konpontzea zaildu baino ez dute egiten", nabarmendu du.

Hori horrela, "indarkeria eta errepresio ekintza guztiak amaitzeko" urratsak egin ditzaten eskatu die ETAri eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei.

"Lanean jarraituko dugu herri hau osatzen duten pertsona eta sentsibilitate politiko guztiek mehatxurik gabe hitz egin dezaten", amaitu du.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta