2008/02/28
Italiako agintariek gezurtatu egin dute Napolesen agertu den neskatoa Mari Luz Cortes duela hilabete eta erdi Huelvan (Espainia) desagertu zen neskatila dela, Erromako Espainiaren enbaxadako iturriek jakinarazi dutenez.
Espainiako agintariek argazki baten bitartez bi neskatoen artean berdintasunik dagoen egiaztatzeko eskatu zieten.
Jaso duten erantzuna erabatekoa izan da: Italian agertutako eta Huelvan desagertutako neskatoek ez dute antzik.
Ordu batzuk lehenago, Italian identifikatu gabeko neskato bat topatu dutela eta Interpol Mari Luz ote den ikertzen ari zela informatu zuen Juan Jose Lopez Garzon Espainiako Gobernuak Andaluzian duen ordezkariak.
Antza denez, zurrumurrua Italiako emakume batek sortu du, Napolesen identifikatu gabeko neskato bat topatu dutela esan baitio bere semeari (italiar jatorria duen baina Katalunian bizi den enpresaburu bat).
Gaur hilabete eta erdi desagertu zen Mari Luz Huelvan. Urtarrilaren 13an etxetik atera zen, kiosko batean zerbait erosteko, baina ez zen itzuli.