2008/02/28
Bilboko Udalak kasazio-errekurtsoa jarri du Auzitegi Gorenean, pasa den urtarrilean errausketa-labeari buruz EAEko Auzitegi Nagusiak eman zuen sententziaren aurka. Aipatutako labea Zumalakarregi zumarkalean egiteko baimena eman zion EAEANk Funeraria Bilbainari.
Errekurtsoak dio Udalak baduela hirigunean egiten diren eraikuntzak kontrolatzeko gaitasuna. Gainera, errekurtsoaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak errausketa-labeak non kokatzen diren erabakitzeko ahalmena dauka.
Era berean, errekurtsoak adierazten duen arabera, Udal-arautegiaren asmoa errausketa-labeak kudeatzea zen, eta ez debekatzea. Horren adibide da Udalak beste aukera batzuk mahaiaren gainean jarri zituela, labea beste leku batean eraikitzeko, auzoetatik urrun.
Azkenik, Udalaren zerbitzu juridikoak adierazi du euren asmoa auzokoen eragozpenak murriztea zela, horregatik kanposantuen inguruan dauden arauak eredutzat hartu zituen.
EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia
Joan den urtarrilean EAEko Auzitegi Nagusiak hartu zuen erabakiak Funeraria Bilbainari errausketa-labea eraikitzeko baimena onartzen zion. Ebazpen hori emateko, kanposantuen arautegia oinarritzat hartu zuen, Udalak adierazi duenez.
Funeraria Bilbainak 2003. urtean Udalari eskatutako lizentziak ontzat hartu zituen auzitegiak, udalak 2004an ezetz esan arren.