GARRAIOBIDEETAN DESKONTUA

Lurraldebus txartelak Gipuzkoako garraiobideari bultzada berria eman dio

2008/02/25

Gaur egun 40.500 gipuzkoarrek erabiltzen dute Lurraldebus txartela, deskontuak erakarrita. Horietatik 10.000 inguruk azken hilabetean eskatu dute txartela.

Gipuzkoako Lurraldebus txartelak garraiobideari bultzada berria eman dio azken bolada honetan. 40.500 erabiltzailetik laurdenak joan den hilabetean eskatu eta eskuratu dute txartela.

Gipuzkoako Aldundiko mugikortasunaren zuzendariak esan duen arabera, ekimenak arrakasta izateko arrazoi nagusiak bi dira: batetik, deskontuak (40%) lehen bidaiatik egiten direla eta, bestetik, Pesa bide luzeko konpainiak bat egin duela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak norabide berean jarraitzeko asmoa du eta horregatik udarako turistentzako txartel berezia garatuko du. Udazkenean, berriz, tarifa berriak ezarriko ditu erretiratuentzat, ikasleentzat nahiz sarrera gutxiko jendearentzat. Horrez gain, hamar urte baino gutxiago duten haurrek ez dute ordaindu beharrik izango.

Gainera, bi urteren buruan, Gipuzkoako hiri arteko nahiz hiriburuko zerbitzua Lurraldebus ekimenean izatea espero du Aldundiak. Ordurako, Renfe eta Eusko Tren ere atxikitzea aurreikusi dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta