IRAGARPEN OFIZIALA

Fidel Castrok agur esan du

2008/02/19

Granma egunkari ofizialean argitaratutako mezuan, Kubako presidenteak iragarri du ez dela Estatuko Kontseilurako Presidente eta Komandanteburu kargura aurkeztuko. Erabakiak erreakzio ugari eragin ditu nazioartean.
Fidel Castro. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Fidel Castro. Argazkia: EFE

Fidel Castro Cubako presidenteak ez da aurkeztuko "Estatuko Kontseiluko presidente eta Komandanteburu" kargura. Hala iragarri du Granma egunkari ofizialean plazaratutako mezu baten bidez.

Hitzez hitz, honela dio iragarpenak: "Estatuko Kontseiluko presidente eta Komandanteburu kargura ez naizela aurkeztuko, eta, beraz, ez dudala kargua onartuko jakinarazten dizuet. Berriro diot, ez dut kargua onartuko".

81 urte ditu Castrok eta gaixorik dago azken urteotan. 2006ko uztailean anaia Raulen esku utzi zuen kargua, behin-behinean. Kaleratutako mezuan azaltzen duenez, "Estatuko Kontseilua, presidentea, presidenteordeak eta idazkaria aukeratzeko ordua heldu da".

Buruzagi kubatarraren arabera, "azken arnasa hartu artean, nire eginkizunak betetzea zen nire ametsa", baina bere "osasun egoera kaskarrak” boteretik urrundu duela gaineratu du.

Presidente karguak "gorputz eta arima" lan egitea eskatzen duela dio Castrok idatzian, eta berak "osasun arazoengatik" ezin duela eginkizun hori ondo bete. Hori dela eta, karguan jarraitzea bere "kontzientziaren kontra" legokeela zehaztu du.

Kubako prozesu politikoak duen "esperientzia eta autoritatea" kontuan izanda, "jarraipena bermatuta" dagoela ziurtatu du bere mezuan Castrok.

Bere ondorengoari buruz ez du ezer esan Castrok gutunean; "Zorionez, Iraultzaren hasieratik lanean egon direnak eta orduan gazteak zirenak, elkarrekin ari dira lanean gure prozesuan". Etorkizunaren inguruan, berriz, "okerrenerako" prest egoteko deia egiten die herritarrei Kubako presidenteak. Azken hilabeteotan, herria bere agurrerako prestatzen egon dela ziurtatu du: "Ni ez nagoenerako, psikologikoki eta politikoki prest utzi dut heria. Nire betebeharra zen, hainbeste urtez boterean egon eta gero".

Kontseilu berriaren izendapena, igandean

"Harrotasun handiz bete dut presidente kargua urte askotan. 1976ko otsailaren 15ean, Konstituzio Sozialista onartu zen, boto eskubidea zuten herritarren %95aren boto aske, zuzen eta sekretuaren bidez", jasotzen du Internetez zabaldutako testuak.

Idatzi horretan, bere ibilbideari errepasoa egiten dio Castrok. Hala, Kubako lehen Batzar Nazionala 76ko abenduaren 2an eratu zela ekarri du gogora. Batzar horrek aukeratu zuen presidente. Aurretik, ia 18 urtez, Lehen Ministro kargua bete zuen. "Herriaren gehiengoaren babes zabalarekin, borroka iraultzailea aurrera atera dut", dio.

Ondokoa dio Fidelek testua amaitzeko: "Ez naiz agurtuko. Ideien soldadu legez jarraitu nahi dut borrokan. 'Fidelen hausnarketak' izenburupean idazten jarraituko dut. Tresna bat gehiago izango da, herriak erabil dezakeena. Agian nere ahotsa ere entzungo da. Kontuz ibiliko naiz. Eskerrik asko".

Datorren igandean, hilak 24, da biltzeko Kubako Parlamentua, Estatuko Kontseilu berria izendatzeko. Egun horretarako bost egun baino falta ez direnean heldu da Castroren iragarpena, mundu osoa Kubara begira jarri duen iragarpena.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta