2008/02/13
Aurreko astelehen goizaldean atxilotutako 14 lagunetatik 12rentzat kartzela-zigorra eskatu du gaur eguerdian Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, "erakunde terroristako kide izatea" leporatuta. Atxiloketa horiek Baltasar Garzon epaileak agindu zituen "Batasuneko Mahai Nazional berriaren osaketa eragozteko" eta 20:30 aldera eman du bere erabakiaren berri Garzonek: 11 lagun kartzelara bidali ditu eta lau libre geratu ahal izango dira, fidantza ordainduta.
Pertsona hauek bidali ditu Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara: Mikel Etxaburu, Karmelo Landa, Eusebio Lasa, Aitor Aranzabal, Karmele Aierbe, Peio Xabier Galvez, Joseba Zinkunegi, Mikel Garaiondo, Nuria Alzugarai, Iņigo Balda eta Jose Manuel Jurado.
Jesus Maria Agirrerentzat eta Sonia Jacintorentzat, berriz, 50.000na euroko fidantzak ezarri ditu Garzonek kartzela saihestu ahal izateko eta Josetxo Ibazetari, berriz, 60.000 euroko fidantza jarri dio. Pertsona horiei, izan ere, ez die "kide izatea" leporatzen "laguntza ematea" baizik.
Kepa Bereziartu ANVko presidenteak ere, atxilotua izan ez zen arren, gaur deklaratu behar izan du eta fiskalak eskatu bezala, 20.000 euroko fidantza jarri dio Garzonek kartzela saihestu ahal izateko.
Epaileak bi orduz galdekatu ditu atxilotuak eta 18:00etarako deitu ditu alde guztiak, autoa jakinarazteko. Ondoren, kanpora irten da ordubetez edo eta 20:30 aldera eman du bere erabakiaren berri.
Guztiek uko egin diote Garzonek egin dizkien galderei erantzuteari baina Josetxo Ibazeta EHko zinegotzi oihak zinegotzi bezala lan egitera mugatu zela adierazteko hartu du hitza, esaldi hori bakarrik botaz. ANVko presidenteak Iņigo Iruin abokatuak egin dizkion galderei erantzun die.