BURLATA

Lokal batean hamaika adingabe atxikitzeagatik atxilotu dute gizon bat

2008/02/12

Foruzainak etxabean sartu ziren eta bertan aurkitu zuten A.J.V. hamaika gazteei objektu zorrotz batekin mehatxu eginez. Duela egun batzuk ere atxilotu egin zuten foruzain bat autoarekin harrapatzen saiatzeagatik.

Hamaika gazte etxe azpi batean gogoz kontra atxiki izana egotzi diote gizon burlatar bati. Gainean zeramaten diru eta balioko gauza guztiak eman ezean "zulatuko" zituela esan zien atxilotuak, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.

Arrazoi ezberdinengatik aurretik 30 aldiz atxilotu dute 29 urteko burlatarra. Gertakaria larunbatean izan zen eta A.J.V. herritarrari indarkeriaz lapurreta egitea egotzi dio Poliziak.

Larunbatean, goizeko 01:30 aldera, laguntza bila ihesean ziren hiru gazte aurkitu zituzten foruzainek, Foru Gobernuaren arabera.

Laguntza eske joateko etxabeko leiho batetik salto egin zutela eta euren hamaika lagunak gizonak atxikirik zeudela azaldu zieten agenteei.

Burlatako Udaltzaingoarekin elkarlanean, foruzainak lokalean sartu ziren eta bertan aurkitu zuten A.J.V. hamaika gazteei objektu zorrotz batekin mehatxu eginez. Ordurako erloju bat eta diru kopuru jakin bat bere eskuetan zituen.

Aipatzekoa da gizon hori otsailaren 6an, asteazkenean, ere atxilotu zutela Berriozarren jarritako kontrol-gune batean behin baino gehiagotan alkoholemia proba egiteari uko egin ondoren ihes egiteagatik eta ihesaldian autoaz foruzain bat harrapatzen saiatu izanagatik.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta