2008/02/12
Gaur Europan Interneteko Segurtasunaren Eguna dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak EU Kids Online ikerkuntza proiektuko datuak jakinarazi ditu. Europako 21 herrialdetan egin dute ikerkuntza hori, eta giza harremanetarako webguneak nerabe europarrak liluratuta dituztela da txosten horretan agertutako ondorioetako bat.
Carmelo Garitaonandia eta Maialen Garmendia EHUko irakasleek ikerkuntza horretan parte hartu dute. Ikerkuntzaren arabera, Espainian 10 eta 14 urte bitarteko umeen %71,1ek Internet erabili ohi du, eta 12 eta 21 urte bitarteko %82,3k txatak, foroak, messengerrak, blogak eta abar erabili ohi ditu.
Norvegian ere mota horretako webguneek arrakasta handia dute, 12 eta 17 urte bitarteko gazteen %93 erabiltzen baitituzte.
Beste alde batetik, EU Kids Online ikerketako datuek Europako umeak Interneteko mehatxuak jasateko gero eta arrisku handiagoa dutela diote, eta horrek estresa sortzen du eurengan. Hori dela eta, gazteek Interneten erabilerari buruzko gomendio gehiago behar dituztela gaineratzen du txostenak.
Arriskuetako bat datu pertsonalak ematea da
Ikerketak azpimarratutako datu kezkagarri bat haur eta gazte askok euren informazio pertsonala Interneten zabaltzen dutela da, esaterako, posta elektronikoa, argazkia edo telefono zenbakia.
Gainera, gero eta froga gehiago daude gazteek Interneten bizi dituzten mehatxuei buruz. Txekiar Errepublikan, adibidez, 12tik 17 urtera bitartekoen %65ek sarean aurkitutako ezezagunekin bildu dira.
Polonia ere arrisku handiko herrialdea da online dauden gazteentzat, neska gazteen %56k nahi ez dituzten elkarrizketa sexualak izan ohi dituztelako, eta 12tik 17ra bitartekoen %52k norbait ezagutzeko biltzera gonbidatzen dituztelako.
Ikerkuntzaren ondorioak
EU Kids Online ikerkuntzako ondorioen artean Internet erabiltzerakoan gazteek gomendio gutxi dituztela agertzen da, eta sarean norberari buruzko informazioa emateak ez duela beti arrisku handiagoa ekarriko, baina ekar dezakeela.
Giza harremanetarako webguneek ahalegin handiagoa egin lezaketela ere agertzen da ondorioen artean, eta gazteek euren datuak emateak ekar dezakeena ulertzea.
Giza harremanetako Interneteko sare nagusiak:
- Orkut
- Myspace
- Flickr