2008/02/11
Arantza Urkaregi ANVko ordezkariak esan duenez, "hainbat lagun atxilotu arren, milaka dira lan politikoa aurrera eramateko prest dauden euskal herritarrak". Egoera "jasangaitza" dela eta "erantzun irmoa" ematea beharrezkoa dela adierazi du.
Urkaregik eta Idoia Iberok hautetsi independentisten izenean prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, ezker abertzaleko 14 buruzagiren atxiloketa salatzeko.
"Ezingo duzue gurekin. Gure kideak espetxeratzen badituzue ere, milaka eta milaka gara lan politikoarekin aurrera egiteko prest gauden euskal herritarrak", azpimarratu du Urkaregik. "Ezker abertzalea sektore konprometitua da eta lanean jarraituko du herri hau independentziaren atarira eramateko".
Gauzak horrela, martxoaren 9an hauteskundeetan izango direla berretsi du, "independentziaren botoa bermatzeko eta Euskal Herriarentzat baldintza demokratikoak eskatzeko".
Kritikak EAJ, NaBai, EA, Aralar eta EBri
Egoera honen aurrean, euskal alderdiei kritika gogorrak egin dizkiete. "Eraso hauek guztiak ez ziren posible izango EAJ, Nafarroa Bai, EA, EB eta Aralarren onarpena gabe", esan dute.
Juan Mari Atutxa Legebiltzarreko presidente ohiaren kontrako zigorra salatzeko hirukoak Bilboko kaleetan manifestazioa egin zuela gogora ekarri ostean, atzo ezker abertzalearen aldeko martxara Ertzaintza bidali zuela adierazi dute.
LABek osteguneko grebarekin bat egin du
Bestalde, LAB sindikatuak ondoko mezua igorri dio PSOEri: "Ilegalizazioen bidez hauteskundeak irabazi daitezke, baina ez da bake bidean aurrera egiten".
EAJri, EAri, EBri eta Aralarri ere zuzendu zaie sindikatu abertzalea: "Ez al da subiranotasunean eskusartzea Madrilek erabakitzea nor den ilegala eta nor ez?".
Donostian, LABen egoitzan, eskaini duten prentsaurrekoan, Rafa Diez Usabiagak esan du ANV eta EHAKren jarduerak etenda eta ilegalizazio prozesua abian jarrita, "PSOEren Gobernuak lau urte hauetan bultzatu duen jazarpen eta kriminalizazio prozesu luzeari amaiera eman nahi" zaiola.
Azkenik, ostegunerako, 12:00etan, manifestazioak eta elkarretaratzeak deitu ditu LABek Euskal Herriko hiri eta herri guztietan, "langileek eta gizarteak oro har parte har dezaten".