2008/02/11
Artzentaleseko (Bizkaia) adingabeen egoitzan sutea izan da bart eta bi adingabe eta zaintzaile bat ospitaleratu behar izan dituzte, Juan Maria Aburto Gizarte Ekintzako foru-diputatuak jakinarazi duenez.
Bilbon hedabideen aurrean azaldu duenez, anbulantzia batek artatu ditu hasieran hiru zaurituak, baina gero Zallako larrialdietako osasun-zentrora eraman behar izan dituzte. Han, larri ez daudela baieztatu ahal izan dute.
Aburtok adierazi duenez, sutea egoitzako egoiliar batek eragindakoa izan denaren "susmoa" du.
21:50ean zaintzaileak sute bat atzeman zuen logeletako batean. Orduan, bertan zeuden 22 adingabeak atera zituen eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuen berehala.
Ertzaintzaren lau patruila, suhiltzaileen bi kamioi eta bi anbulantzia bertaratu ziren eta 22:23rako sua itzaltzea lortu zuten.
Foru-diputatuaren kontakizunaren arabera, logeletako bi kaltetuta zeudela baieztatu zuten suhiltzaileek, horietako bat "erabat hondatuta" omen zegoen. Hala ere, "zentroa berregokitu zuten eta adingabeek bertan igaro dute gaua".
Aldunditik jakinarazi dutenez, 2006an zentroa martxan jarri zenetik, hau izan da gertakari larriena, "lapurretaren bat eta hiru adingabeen atxiloketa salbu".
Juan Maria Aburtok esan duenez, goizean Adingabeen Fiskaltzaren idatzi bat jaso du, "adingabeen egoera desegokia dela frogatuta, lanak irauten duten bitartean eraman egingo dituzte gazte guztiak", zioena.
Aburtok esan du egoera "larria" dela eta horregatik, Gizarte Ekintza departamentua lokalak bilatzen ari dela adingabeak han sartzeko eta hilabete barru Artzentalesera itzuliko direla iragarri du.