2008/02/11
Goizaldean Euskal Herrian eta Kordoban egin dituzten Batasuneko 14 kideren atxiloketek kritikak eragin dituzte euskal alderdien artean. Orain arte iritzia eman duten gehienen ustez, operazio hau datorren martxoaren 9ko hauteskundeen gertutasunagatik egin dituzte.
EAJ
Joseba Egibar GBBko presidentearen esanetan, ETAko kide izatearen delitua zabalduta, "Justizia bulkada politiko argiarekin erabiltzen dute", "herri honetan alderdi politiko bakoitzak bere proiektu politikoa bide baketsuetatik soilik defendatzea ahalbidetzeko gutxiengo demokratikoen testuingurua sor ez dadin".
Herri Irratian egin dioten elkarrizketan Egibarrek esan duenez, "politikoki eta demokratikoki, antza, egoera jakin batzuk kontrola ezin ditzaketenean" politikak Justiziari "bulkada" egiten dio eta azken honek "jarduten du". Haren ustez, "azken orduetan hala gertatu izan da eta, batez ere, azken fasean, azken sei hilabeteetan".
EA
Eusko Alkartasunaren iritziz, Batasuneko kideen atxiloketak "gatazkaren konponbidea zailtzen du". Ohar baten bidez EAk gaitzetsi egin du "Espainiako Gobernuak hartu duen zoramen errepresiboa".
EAren ustez, badirudi PSOE, "Garzonen laguntza ordainezinarekin, espetxeak buruzagi politikoekin betetzeko prest dagoela; pertsona horiei ez diote delitu zehatzik leporatu, euskal gizartearen zati bat ordezkatzea soilik baizik".
EAren arabera, atxiloketen azken arrazoia datorren martxoaren 9ko hauteskundeak dira. "Zapatero eta PSOE zentzurik gabeko errepresioaren alde azaldu dira Espainian botoak lortzeko formula gisa", errepikatu du alderdi honek.
Ezker Batua
Javier Madrazo Ezker Batuko koordinatzaile nagusiaren ustez, Gobernu sozialistak ezker abertzalearen aurka izandako jokaera "mendekua" izan da. Haren arabera, "Gobernuak bere esku duen makina judizial guztia ezker abertzalea zigortzeko jarri du martxan". ETArekiko "mendetasuna" egotzi dio, bestetik, ezker abertzaleari.
Sailburuaren esanetan, egoera honek "Trantsizio garaietara garamatza", beraz, sozialistei eta ezker abertzaleari "amildegira garamatzan kate hau hausteko" deia egin die. Madrazok bere alderdiaren "bakearen eta normalizazio politikoaren" aldeko apustua azpimarratu du. Horrez gain, "aukera politikoen" ilegaliazioaren aurka azaldu da.
EAE-ANV
Arantza Urkaregi EAE-ANVko ordezkariaren ustez, Garzonek egindako atxiloketek okerrera egingo dute datorren martxoaren 9ra arte "aukera politiko independentista isilarazteko" helburuarekin. Dena dela, aukera independentista hauteskundeetan "presente" egongo dela agertu du.
Urkaregiren ustez, "tontokeria" da atxiloketek Batasunaren mahai nazional berriaren eraketarekin lotura dutela esatea eta, haren esanetan, "hemendik martxoaren 9ra arte ikusiko ditugunen artean beste bat baino ez da gaurkoa". "Rubalcaba Barne ministroak agertu zuen jada 'espetxeak beteko' zituztela eta hori da euren asmoa", gehitu du. Haren iritziz, "ez da kasualitatea atzo prentsaurrekoa ematea eta gaur atxilotzea".
PSE
Javier Rojo PSE-EEko kideak gainerako alderdi ia guztiek egindako kritikari erantzun dio. Atxiloketak hauteskundeen baitan kokatzea "zentzugabea" dela adierazi du, "legeak hauteskunde kanpainan ez dituelako oporrak hartzen".
Buruzagi sozialistak nabarmendu duenez, legea ez da momentuaren arabera aldatzen, "egunero eta uneoro bere horretan jarraitzen du". "Konstituzioa ez da mahai azpian gordetzen, hauteskunde kanpainan gaudelako", adierazi du.
Mezu zuzena igorri dio ezker abertzaleari Rojok; "ez dute gure agenda aldatuko" eta "ez gaituzte makurraraziko". Halaber, "ausardia eza" egotzi die ezker abertzaleko kideei PSE-EEko buruzagiak, ETAren "amaraunetik" askatzeko borondaterik ez dutelako.
PP
Antonio Basagoiti PPk Bizkaian duen presidentearen iritziz ere, martxoko hauteskundeei begira egindako operazioa da gaurkoa. Atxiloketen atzean "sakoneko" estrategiarik ez du ikusten buruzagi popularrak, “momentuari lotutako estrategia” baizik.
Atxiloketak egiteko "arrazoiak" egon badaudela argi dauka Basagoitik, eta atxilotutako guztiek "dauden lekuan" egotea merezi dutela gaineratu du. Bere iritziz, "betidanik, jakin dugu jende hori ETArengandik gertuago dagoela, herritarrengandik baino". Dena dela, atxiloketak egiteko hauteskunde aurreko hilabetea aukeratzea "kritikagarria" eta "arraroa" dela esan du.
Batasuna
Bestalde, Batasunaren ustez, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak "gerra deklaratu dio euskal ezker independentistari" eta herritarrei "kalera atera" eta datorren ostegunerako deitutako "greba orokorra" babesteko deia egin die.
Atxiloketak salatzeko bidalitako oharrean, alderdi abertzaleak EAJri, Nafarroa Bairi, EAri eta Aralarri galdetu die noiz arte ahalbidetuko duten PSOEk "guzti honekin jarraitzea" eta noiz arte "jarraituko duten eraso hauen zuzeneko laguntzaile izaten".