2008/02/11
Batasuneko Mahai Nazionala kide esanguratsuenenik gabe geratu da, bereziki, Baltasar Garzon epailearen aginduz burututako operazioetan zuzendaritzako eta alderdiko 24 kide espetxeratu ondoren.
Iragan otsailaren 4an Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko bozeramailea eta Mahai Nazionaleko kidea atxilotu zituzten Garzonek alderdiko zuzendaritza berriari buruz abiatutako diligentziekin lotuta.
Otegi izan zen espetxeratzen lehena
Arnaldo Otegi izan zen espetxeratu zuten alderdiko lehen kidea. Hala ere, Otegi beste kausa batengatik sartu zuten kartzelan ekainaren 8an. Argala ETAko kidearen omenaldi batean "terrorismoa goraipatu" zuelakoan 15 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak.
Alderdi abertzaleko Joseba Alvarez iragan urriaren 5ean espetxeratu zuten Askatasunak irailaren 11n Donostian deitutako manifestazio batean "erakunde armatuko kide izatearen delitua berriz egitea eta kale indarkeria ekintzak bultzatzea" leporatuta.
Segurako operazioaren ondoren, bestalde, Batasuneko beste 17 kide espetxeratu zituzten, tartean, Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena, Rufino Etxeberria eta Juan Cruz Aldasoro.
Urriaren 15ean Asier Imaz atxilotu zuten eta Gorka Diazekin batera espetxeratu, hil horren 18an. Diaz bere borondatez aurkeztu zen Auzitegi Nazionalean. Bestalde, azken atxilotua Marije Fullaondo izan zen; abenduaren 18 hartu zuten atxilo.
Bestetik Polizia Unai Fanoren bila ibili zen, Barrena eta Urrutia atxilotu zuten operazioaren baitan, baina ez zuten aurkitu.