AUTOA

ANVren jarduera etetea neurriz kanpoa dela uste du Gorenak

2008/02/09

Garzonek egin ez bezala, EHAKren eta ANVren jarduera etetea errefusatu egin zuen atzo Auzitegi Gorenak. Gaur, publiko egin du autoa.
Kazetari ugari bildu dira Auzitegi Gorenaren kanpoan. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Kazetari ugari bildu dira Auzitegi Gorenaren kanpoan. Argazkia: EFE

Auzitegi Gorenak agerian utzi ditu Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailea eta Espainiako Gobernua EHAKren eta EAE-ANVren aurkako prozesuan.

Atzo, errefusatu egin zuen bi alderdi abertzaleen jarduera etetea, eta gaur azalpena eman du: hori egitea neurriz kanpokoa dela uste du.

Auzitegi Goreneko 61eko Sala osatzen duten 16 epaileek errefusatu egin zituzten atzo EAE-ANVren eta EHAKren aurka Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak eskatutako neurri gehienak.

Dena dela, Gorenaren erabakiak ez du eraginik izango, ordu batzuk lehenago Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu baitzuen EAE-ANVren eta EHAKren jarduera etetea.

Gorenak Fiskaltzaren eta Abokatutzaren bi eskaera onartu egin zituen, biak oso inportanteak. Alde batetik, EAE-ANVri Espainiako hauteskundeetara aurkeztea galaraztea eta, bestaldetik, bi alderdioi diru-laguntza publikoak jasotzea debekatzea.

Epaileek atzo jakinarazi zuten euren erabakia, baina gaur EAE-ANVri buruzko autoa publikatu egin dute. Astelehenean EHAKrena egingo dute.

EAE-ANVren jarduera etetea, neurriz kanpokoa

Hori horrela, Auzitegi Gorenak azaldu egin du zer dela eta galarazi dion EAE-ANVri hauteskundeetan egotea, haren jarduera eten ez badu ere.

Izan ere, Auzitegiaren ustez, EAE-ANVk hauteskundeetan parte hartuko balu, eta ondoren epaileek legez kanpo utziko balute, egoera "atzeraezina" izango litzateke, alderdi abertzaleko kideek erakundeetan jarraituko luketelako legegintzaldia amaitu arte.

Hala eta guztiz ere, prozedura judiziala egiten ari den bitartean alderdi abertzalearen jarduera etetea neurriz kanpokoa dela iritzi dio, eta ANV 1977tik dagoela erroldatuta gogorarazi du.

Fiskaltzak eta Espainiako Gobernuak aurkeztu dituzten "daturik esanguratsuenak" duela gutxikoak direla ere kritikatu du 61eko salak, 2007ko azken hilabeteetakoak eta 2008ko urtarrilekoak baitira.

"Sistema demokratikoak denbora horretan alderdi batek eragindako ondorio aztoratzailea xurgatzea lortu badu, Auzitegiak behin betiko epaia atera arte itxaron daiteke", gaineratu dute autoan.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta