ILEGALIZAZIOA, GORENEAN

Parlamentuko eta udaletako taldeen jarduerak etetea eskatu du Abokatutzak

2008/02/08

ANV eta EHAKren jardueren eteteak alderdi horiek Legebiltzarrean, udaletan edo Batzar Nagusietan dituzten taldeei ere eragiteko eskatu du Estatuko Abokatutzak. Epaileek eztabaidatzen jarraitzen dute, Auzitegi Gorenean.
Auzitegi Goreneko 61. Salan ospatutako bista. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Auzitegi Goreneko 61. Salan ospatutako bista. Argazkia: EFE

ANVren jarduerak eteteko aginduak alderdi horrek Batzar Nagusietan eta udaletan dituzten ahaldunei eta hautetsiei ere eragin behar diela eskatu dio Estatuko Abokatutzak Auzitegi Goreneko 61. Salari. Era berean, talde horien kontu-korronteak bahitzea galdegin du.

Aipatzekoa da Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak ANV eta EHAK alderdien jarduerak eteteko hartu duen erabakiak ez duela eraginik alderdi horiek udaletan, Batzar Nagusietan nahiz Legebiltzarrean duten hautetsi eta legebiltzarkideengan.

Auzitegi Gorenean ANV eta EHAK legez kanporatzeko demanda aurkeztu zuenean, Estatuko Abokatutzak ez zuen gaur egin duen aipatu eskaera egin. Fiskaltzak, berriz, ez du eskaera hori egin, ANVren kontrako kautelazko neurriak aztertzeko arratsaldean Gorenean burutu duten saioan.

Antonio Narvaez administrazioarekiko auzietarako salako fiskalburuak azpimarratu duenez, Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziaren arabera, "gauza bat alderdia da eta beste bat taldeak (udaletakoak edo parlamentukoak)".

Bestalde, Auzitegi Goreneko 61. Salak ANVren kontra Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak aurkeztutako kautelazko neurriak aztertzeko arratsalde honetarako deitu duen saiora ez joatea erabaki du alderdi horrek.

Francisco Jose Hernando Auzitegi Goreneko presidenteari ohar baten bidez ANVk jakinarazi dionez, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak alderdi horren jarduerak hiru urtez eteteko agindu duela eta hartu du erabaki hori.

Ahozko bista, ANVren abokatuak aurrean ez zirela, 16:15 inguruan hasi da. Goizean, Auzitegi Gorenaren sala bereziak Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak ANVren ilegalizazioa eskatuz aurkeztu dituzten demandak biltzea erabaki du, bi alde horien azalpenak entzun ostean.

EHAK: alegazioak aurkezteko saioa

10:30ean abiatu du Auzitegi Goreneko 61. Salak EHAK alderdiaren aurka Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak planteatutako ilegalizazio eskaeretan barneratutako kautelazko neurrien alegazioak aztertzeko bista publikoa.

Kepa Landa eta Jone Goirizelaia EHAK-ko abokatuen alegazioak entzungo dituzte gaur goizean magistratuek.

Fiskaltzak eta Estatuko zerbitzu juridikoek EHAKren aurka jarritako ilegalizazio demandak batean biltzea erabaki du, azkenean, Gorenak, Estatuko Abokatuak eskatu zion bezala. Erabaki hori hartu ondoren abiatu dute ahozko bista.

EHAKren jarduera alderdi politiko gisa eteteaz gain, Legebiltzarrean talde parlamentario bezala ere eteteko eskatu dio Estatuko abokatuak Auzitegi Gorenari.

Estatuko zerbitzu juridikoen ordezkariaren esanetan, talde parlamentarioa ere "beldurra erabilita iritzi publikoaren gainean eragiteko tresna erabilgarria" da eta, beraz, egin beharreko ondorio logikoa dela agertu du.

Antonio Narvaez fiskalburua, ordea, aipatu neurriaren aurka azaldu da alderdia eta talde parlamentarioa ezin parekatu daitezke taldeak herritarrak ordezkatzen dituelako Legebiltzarrean.

Auzitegi Gorenak taldearen jarduera etetea erabakiz gero, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur goizean bertan adostutako neurriaren osagarria izango litzateke, izan ere, epaile honek ez du inongo neurririk hartu EHAK-ko legebiltzarkideen aurka.

Alderdi politikoaren jarduera etetea eta kontu korronteak, gordailuak eta aktibo finantzarioak eta Administrazio Publikoak emandako diru-laguntzak bahitzea dira eskatutako kautelazko neurriak.

Horrez gain, EHAK-k datozen hauteskundeetarako hautagaitzak aurkeztu ez dituen arren, demandan hautagaitzok ezin aurkeztu izatea eta hauteskundeetan ezin parte hartu izatea eskatu dute.

Bestalde, EHAKren egoitza soziala eta bere izenean dituen gainerako egoitzak ixtea ere eskatu du Fiskaltzak, alderdi honetako zein Batasunako kideek horietan ekitaldi politikorik egin ezin ditzaten.

Ilegalizazioaren aurkako ekimena atzera bota du EHAK-k Legebiltzarrean

Bestalde, EHAK-k atzera bota du alderdi honen eta EAE-ANVren ilegalizazioaren kontra Legebiltzarrean bozkatu behar zuten ekimena. Nekane Erauskinek egin du iragarpena Garzon epailearen erabakiaren berri izan ondoren. "Madrilek erabakia hartu du jada", esan du Erauskinek erabakia arrazoitzeko. Haren esanetan, ez dute ahalbidetu nahi Alderdien Legearen aurka azaltzen diren alderdiek ekimenari babesa agertzea eta gero ilegalizazioen aurka "ezer ez egitea".

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta