2008/02/08
Baltasar Garzon epaileak ANVren jarduerak etetea agindu izana "Euskal Herrian kontrako erabakitzat" jo dute euren burua hautetsi independentista moduan aurkeztu duten hamarnaka hautetsik. Helburua "ezker abertzalea paretik kentzea" dela esan ostean, "ilegalizio-estrategiak porrot" egin duela eta datozen hauteskundeetan izango direla azpimarratu dute. Ondoren, egoera honi erantzuteko manifestazioa iragarri dute datorren iganderako Bilbon.
ANVko 50 bat hautetsik eman dute prentsaurrekoa Donostian, 'Guk independentzia; salbuespen egoera Stop' lelodun kamiseta gorriak jantzita zituztela.
Agerraldian, Marine Pueyo ANVk Iruñean duen hautetsiak eta Arantza Urkaregi alderdi horren bozeramaileak hitz egin dute. Auzitegi Nazionaleko epaileak hartu duen erabakia "erabat politikoa" dela, "makillaje juridikoa eman nahi dioten arren".
"Gerra-estrategia honek PSOE erabat itsututa" daukala eta epaileak "txakur amorratuak" baliran bezala jarduten ari direla esan dute. Hori horrela, PSOEk legegintzaldia "ustezko bakea eskainiz" hasi zuela eta lau urteko agintaldia "gerrarako estrategia eskainiz" amaitu duela nabarmendu dute.
"Muga guztiak gainditu dituen erabakia"
Jarduerak etenda izan arren, "independentziaren aldeko botoa" datozen hauteskundeetan egongo dela ziurtatu dute, hots, hauteskundeen parte hartuko dutela berretsi dute. "Salbuespen egoerari 'stop'" esateko eta "erantzuteko" unea iritsi dela adierazi dute.
Hori dela eta, igande honetarako manifestazioa deitu dute Bilbon, "Euskal Herriaren eskubideen alde, salbuespen egoerari Stop' lelopean. Martxa 12:00etan abiatuko da Aita Donostia plazatik.
Agerraldi honen aurretik, goizean, Garzonen erabakia jakin bezain laster, EAE-ANVren jardueren etetea hiru urtez etetea "astakeria juridikotzat" eta "muga guztiak gainditu dituen erabaki politikotzat" jo du alderdi abertzaleak.