2008/02/06
Newcastleko Unibertsitateko zientzialari talde batek giza enbrioiak sortu ditu gizon baten eta bi emakumeren ADNaz geroztik.
Esperimentua burutu duten zientzialarien ustez, teknika berri horrek etorkizunera begira zenbait herentziazko gaixotasun sendatzen lagun lezake, besteak beste, epilepsia mota batzuk edota muskuluen distrofia, prentsa britainiarrak jakinarazi duenez.
Bestalde, gaixotasun horiekin lotutako arazo genetikoak dituzten emakumeek euren seme-alabei gaixotasun horiek transmititzea saihesten lagun lezake.
Mitokondrioetako gaixotasunak dituzten emakumeei lagunduko die Newcastlen egindako teknika horrek, ikertzaileen arabera. Mitokondrioak zelula indibidualetan dauden eta horien energia gehiena sortzen duten organo ñimiñoak dira.
Mitokondrioetako ADNaren akatsak dira berrogeita hamar bat gaixotasunen jatorria; horietako akats batzuek, gainera, elbarritasunak eta heriotza ere eragin ditzakete. 6.500 pertsona bakoitzetik batek mota horretako gaitzen bat dauka, besteak beste, bat-bateko akats hepatikoa, apolexia, itsutasuna, elbarritasun psikikoak epilepsiarekin, muskuluen distrofia, diabetea eta gortasuna.
Prozesua
Ohiko ugalkortasun tratamenduetan baliagarritzat jo ez zituzten hamar enbrioi oso anormalekin egin zituzten esperimentuak zientzialariek. Ernaldu eta ordu gutxi batzuen buruan, amaren eta aitaren ADNa zuen nukleoa enbrioitik atera eta emaile baten obuluan sartu zuten. Obulu horri, aurretik, mitokondrioen ekoizpena kontrolatzen duen informazio genetikoa ez ezik gainerako ADN guztia kendu zioten.
Enbrioiak normaltasunez garatzen hasi ziren baina sei egunen buruan suntsitu egin zituzten.
Laborategiko arratoiekin egindako esperimentuetan ikusi da mitokondrio berri horiek dituzten arratoi kumeak ez direla giza ezaugarriak definitzeko gai diren informazio genetikoaren eroaleak.
Beraz, metodo honen bidez jaiotako haurtxo batek hiru gurasoren elementuak izango lituzke: Itxuran eta pertsonaren beste ezaugarri batzuetan eragina duen ADN nuklearra "berezko" gurasoena izango litzateke eta, ADN mitokondriala, emailearena.
Newcastleko taldeak esperimentuak laborategian egiteko baimena baino ez dauka eta zenbait taldek dagoeneko agertu dute honelako ikerketen aurka daudela.