DONOSTIA

Ez da olatu handirik heldu, azkenean, Donostiara

2008/02/05

Udalak kostaldeko pasealekua eguerdia arte ixtea aurreikusita zuen olatu handiak egongo zirela iragarrita baitzegoen. Kontsulta ezazu iragarpena eta eguraldiari buruzko bloga, eta bidali zure argazkiak.

Donostiako Udalak Pasealeku Berri ixtea aurreikusita zuen gaurko, Eusko Jaurlaritzaren Meteorologia eta Klimatologia departamentuak lau metro eta erdiko olatuak iragarri baitzuen atzo. Olatuak, baina, ez dira iragarri bezain handiak izan eta, ondorioz, ez da inolako eragozpenik izan kostaldeko pasealekuan.

Atzo, astelehena, komunikabideei igorritako ohar batean, Udalak azaldu zuen olatu handiak eragingo zituen hondoko itsasoaren inguruko iragarpena jaso eta gero, goizaldean bertan paseoa ixtea erabaki zutela. Goizean, berriz, autoei eta oinezkoei irekita egon da bidea, olatuak espero baino txikiagoak izan baitira azkenean.

Iragarpena

Euskalmetek helarazitako iragarpen meteorologikoaren arabera, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin. Lehenengo bi milietan itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du eta gainontzekoetan itsaskirria edo itsaskia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 eta 3,5 metro arteko olatuak altxatuko ditu.

Bestalde, eguraldiari dagokionez, egun argitsua eta giro atsegina izango dugu gaur. Zeruan, oro har, eguzkia nagusituko da, tarteka hodei batzuek itzala egingo dioten arren, bereziki Kantauri isurialdean. Eguzkiari eta hegoaldeko haizeak ekarriko digun epeltasunari esker, tenperaturak gora egingo du; ordurik epelenetan termometroa 16 șC-ren bueltan izango dugu kostaldean eta 12-13 șC inguruan barnealdean.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta