2008KO SANFERMINAK

Iruñeko biztanleek aukeratuko dute aurten jaietako kartela

2008/02/04

Erroldaturiko herritar guztiek parte har dezaten sistema garatu nahi du Udalak. Lehenengo fase batean, bost kartel finalistak aukeratuko ditu epaimahai batek eta horien artean hautatuko dute iruindarrek irabazlea.

San Fermin 2008 kartel lehiaketan Iruñeko biztanleek izango dute erabakia, bozketaren bidez aukeratuko dutelako kartel irabazlea. Hori izango da aurtengo lehiaketaren berritasun nagusia.

Hilabete honetan izango den Jaietako Batzordean aurkeztuko du proposamen hori herritarren partaidetza eta teknologia berrien sailak, komunikatu baten bidez Iruñeko Udalak jakitera eman duenez.

Horrela, sistema bat garatu nahi du Udalak Iruñean erroldaturiko herritar guztiek parte har dezaten. Bozketa telefonoaren bidez, webgunean zein zuzenean egin ahal izango dute. Lehenengo fase batean, bost kartel finalistak epaimahai batek aukeratuko ditu eta horien artean irabazlea hautatuko dute iruindarrek.

Epaimahai hori honako hauek osatzen dute: Paz Prieto Kultura eta Turismo zinegotziak (epaimahaiko presidente bezala), Udalean ordezkaritza duen talde politiko bakoitzeko zinegotzi batek; diseinuko, komunikazioko eta arte plastikoetako hiru profesionalek, Teresa Lasheras Kultura eta Turismo saileko zuzendariak eta Beatriz Iribarren arte plastikoko teknikariak, (guztiak ere bokal moduan).

Martxoaren 10etik aurrera

Kartelak datorren martxoaren 10etik aurrera (Martxoaren 22an izan ezik) aurkeztu ahal izango dituzte astelehenetik ostiralera, 10:30tik 13:30ra, Ciudadelako Bulegoan. 100 zentimetroko altuera eta 70 zentimetroko zabalera izan behar dituzte aurkezten diren kartelek.

4.500 jasoko ditu kartel irabazlearen egileak, eta kartela erakusketa batean ikusgai izango da epaimahaiak aukeratutako beste lan batzuekin batera.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta