2008/01/31
Nazio Batuen Erakundeak uste duenez, 250.000 eta 300.000 haur artean errekrutatuta daude mundu osoko gatazketan baina zailegia da egun borrokatzen ari diren haur soldaduen kopuru zehatza jakitea, gaur ezagutzera emandako txosten batek dioenez.
Haurrak gerrarako erabiltzea nazioarteko legearen urratze nabarmena dela azpimarratu nahi izan du NBEk.
Aferan aditua den Radhika Coomaraswamy, Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusiaren ordezkari berezia, itxaropentsu agertu da, txostenak ezagutarazitako datuei esker Segurtasun Kontseiluak arazoa konpontzeko neurriak hartuko dituela espero baitu.
Txostenaren arabera, adingabeko gehienak Afganistanen, Burundin, Txaden, Afrika Erdiko Errepublikan, Kolonbian, Kongon, Myanmarren, Nepalen, Filipinasen, Somalian, Sudanen, Sri Lankan, eta Ugandan errekrutatzen dituzte.
Lotsaren zerrenda
Coomaraswamyk haur soldadu kopuru gehien dauden herrialdeen zerrenda, "lotsaren zerrenda" esan duenez, eman du jakitera.
Badirudi Boli Kostan gauzak aldatzen ari direla, gatazkako alde ezberdinek haur soldaduak identifikatzeko eta askatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu baitute.
Gauza bera gertatzen da Sierra Leonarekin eta Liberiarekin, azken urteotan haur soldadu gehien izan dituzten herrialdeekin. NBEren dokumentuak, baina, ez du herrialde horien inguruko daturik ematen.