BAKEAREN ALDEKO EGUNA

Eskoletako ikasleek munduko bakea eskatu dute kalean

2008/01/30

Mundu zabaleko eskola guztietan Indarkeriarik Ezaren eta Bakearen Eskola Eguna ospatu dute Mahatma Gandhi bakezale indiarraren heriotzaren urteurrenaren harira. Gainera, Bilboko Bakearen Astea gaur amaitu da.

1964tik hasita, urtero-urtero Indarkeriarik Ezaren eta Bakearen Eskola Eguna ospatzen da urtarrilaren 30ean Mahatma Gandhi bakezale indiar ospetsuaren heriotzaren urteurrenean.

Lorenç Vidal irakasle espainiarra izan zen egun horren sortzailea. Gandhiren jarraitzaile sutsua da eta zenbait liburu eta artikulu idatzi ditu bake-hezkuntzaren inguruan. Egun hau sortzeko ideia asmatu zuen eta eskoletan gai hori jorratzeko irakasgaiak landu zituen.

1964tik ospatzen den arren, 1993an lortu zuen ospea mundu osoan. Izan ere, UNESCOk urte hartan eman zion Munduko Egun maila. Hala, bakearen aldeko mezua mundu osoko eskoletan zabaldu da eta eskola, institutu eta erakunde asko eta asko izango dira egun honen harira ekitaldi eta jarduerak antolatu dituztenak.

Bakearen aldeko Astea Bilbon

Bilboko Udalak eta bakearen alde lan egiten duten erakundeek antolatu dute IV. Bakearen aldeko Astea urtarrilaren 23tik 30era bitartean "Sortu bakerako guneak" lelopean.

Egun bakoitzerako antolatu diren ekitaldietarako biltoki izan da Arriaga plazan jarritako karpa. Bertan izan dira eskoletako haurrak, aisialdi taldeak, erakundeak eta edonolako publikoa.

Asteko egun bakoitzean gai bat jorratu dute, betiere bakearekin zerikusia zutenak. Hala, Bakea eta Euskadi; Bakea eta txirotasuna; Bakea eta ingurugiroa; Bakea eta generoa eta Bakea eta hedabideak bezalako gaiak izan dituzte hizpide ikasleek.

Gaur 12:00etatik 13:00era bitartean, amaiera ekitaldia izan da Arriagako karpan. Sari banaketa egin dute eta aste honetan bildutako ondorioen berri eman dute.

"Bakeaz blai" Gasteizen

13 eskolatatik joandako Bigarren Hezkuntzako 2.000 ikasle bildu dira gaur 12:30etan Gasteizko Foruen Plazan bakearen aldeko ekitaldian.

Gasteizko Elizbarrutiak antolatutako "Bakeaz blai" ekimenaren barruan egin dute gaurko ekitaldia. Igandean hasi zen bakearen aldeko ekinbide hori eta gaur amaitu da Indarkeriarik Ezaren eta Bakearen Eskola Egunean.

Gandhi

Egun hori urtarrilaren 30ean ospatzen da urtero, Mahatma Gandhi "arima handiko" bakezalearen hilketaren urteurrenean.

Mohandas Karamchand Gandhi buruzagi politiko eta hindua izan zen. Borroka baketsuaren bitartez eta indarkeriarik gabeko ekintzei esker Indiak Inperio Britainiarrekiko independentzia lortu zuen.

Berdintasunaren eta justiziaren defendatzaile sutsua izaki, eredu izan zen txirotasunean biziz eta gehien behar zutenei lagunduz. Haren herrialdearen eraberritze soziala bultzatu zuen eta arima hobetzeko mezu iraultzailea zabaldu zuen.

Martin Luther King

Gaur, beste bakezale ospetsu baten heriotzaren urteurrena ere bada, Martin Luther King estatubatuarrarena hain zuzen ere. Gandhi bezalaxe, hil egin zuten. King eliza bautistako ministro eta afroamerikarren Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko militante izan zen. Gainera, Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

King AEBetan inoiz izan den buruzagi eta heroi nagusienetako bat da.

Ereserkia

Indarkeriarik Ezaren eta Bakearen Eskola Egunak ereserki propioa ere badu, "Hermanos de las estrellas" ("Izarren anaiak"). Llorenç Vidal Munduko Egunaren sortzailearena da letra eta Andreu Bennàssarrena musika.

Izarren, mendien, itsasoaren,
gizaki guztien anaiok anaiok,
elkar ditzagun Maitasunaren,
Indarkeria Ezaren eta Bakearen
eskuak kantu egiteko.

Arraza, hizkuntza, pentsaera
desberdintasunik gabe,
senideen arteko besarkadan
bularrak elkar ditzagun
Indarkeria Ezaren eta Bakearen
indarrarekin kantu egiteko.

Bizitzaren defendatzaileok,
hiltzeko armarik gabeak,
munduko hiritar moduan,
gure hatsa elkar dezagun,
Maitasun, Indarkeriarik Eza eta Bakearen
mezulari.

(Jatorrizkoa gazteleraz)

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta