TELEBISTA

Maria Luisa hil egingo da otsailaren 5eko "Goenkale" saioaren atalean

2008/01/29

ETB-1eko "Goenkale" saioa hasi zenetik Arralden geratzen den pertsonaia bakarretakoa da. Elizkizuna egin eta gero, testamentuaren irakurketak zur eta lur utziko ditu guztiak.
Kontxu Odriozola. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Kontxu Odriozola. Argazkia: EiTB

Arraldeko bizilagunek egun tristea izango dute otsailaren 5ean. Egun horretako "Goenkale" saioaren atalean, Maria Luisa Galardi pertsonaia ezaguna hil egingo da.

Maria Luisa oso pertsonaia maitatua da, eta telesaioa hasi zenetik dago Arralden (14. denboraldia da orain emisioan dagoena). Kontxu Odriozola aktoreak egiten du Maria Luisarena.

Azken denboraldian, Bogako jabe izandako Jose Mari Lasaren alarguna bere txakolindegian bizi izan da, bere alaba Julia eta iloba Asierrekin.

Bere heriotzak zeharo hunkituta utziko ditu Arraldeko bizilagun guztiak, baina batik bat bere lagun minenak izango dira Maria Luisaren falta gehien sumatuko dutenak. Penaz eta emozioz betetako agurra emango diote herritarrek gutxiago merezi ez duen pertsonaia maitatuari.

Inguruko guztiak joango dira bere hileta elizkizunera, Arralde eta Euskal Herriko etxekoandre ezagunenari behar bezalako omenaldia eskaintzeko.

Elizkizun jendetsua izango da, beraz, Andoainen, Sorabilako Martín de Tours Deunaren elizan grabatutakoa.

Azken agur honetan, ohorezko aurreskua dantzatuko dute, eta Leonorrek hitz batzuk ere irakurriko ditu hildakoaren omenez.

Sorpresak

Maria Luisaren zoritxarreko heriotzak, ostera, ustekabeko gertakizunak ekarriko ditu.

Bere testamentuaren irakurketak guztiak zur eta lur utziko ditu, ezinegon eta jakin-min izugarria sortuta arraldetarren artean.

"Goenkale" saioa astelehen eta astearteetan izaten da ikusgai ETB-1en, 22:00etatik aurrera.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta