2008/01/29
ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE greba deitu duten sindikatuek lanuzteak "erabateko arrakasta" izan duela nabarmendu dute. Osakidetzarekin "zenbakien gerran" ez direla sartuko esan dute, "badakigu eta Osasun Sailak nola zenbatzen duen". "Osakidetzako zentroak itxita egon dira", gaineratu dute.
Oso bestelako balorazioa egin du Osakidetzak. Grebaren batez besteko jarraipena %28,52koa izan dela esan su Osasun Sailak. Gaur lana egitea zegokien 16.165 langileetatik, 4.610ek bakarrik egin dute bat lanuztearekin, Jaurlaritzako ordezkarien hitzetan. Lurraldez lurralde eman dituzte datuak. Horien arabera, Araban jarraipena %26,44koa izan da, Bizkaian %29,46koa eta Gipuzkoan %28,02koa.
Osakidetzak zehaztu duenez, lehen mailako arretako zerbitzuetan izan du jarraipen gehien, %40,06koa. Zerbitzu espezializatuan, aldiz, jarraipena %24,77ko izan ei da.
Lanuzteaz gain, elkarretaratzeak ere egin dituzte langileek. Oro har lasai joan dira protesta-ekintzak, Basurton izan ezik. Han, langileen eta erietxera joandako zenbait herritarren artean tira-birak izan dira, batzuk besteei barrura sartzen ez zietelako utzi nahi, itxuraz. Ertzaintza joan da bertara, herritarrei bidea zabaltzera.
Mobilizazioei eutsi egingo dietela iragarri dute sindikatuek, eta ez dutela ezertan amore emango azpimarratu. "Gobernuak negoziazioa mahaia ireki eta proposamen argiak aurkeztu artean, presio egiten jarraituko dugu", esan dute.
Grebaren lehen orduak, lasai
Sindikatuek iragarri bezala, gauerdian, 24:00k puntuan, ekin diote egun osoko lanuzteari. Gaua lasaia izan da Osakidetzako zentro guztietan. Zerbitzu minimoak bete egin dira, eta ez da beste egunetan baino jende gehiago ibili. Hortaz, ez da aparteko arazorik izan. Hala, jakinarazi diote Radio Euskadiri, Basurtuko erietxeko arduradunek. Dena dela, sindikatuen arabera, orduak aurrera joan ahala, erietxeetara jende gehien joaten den orduetan, goiz erdian eta eguerdian, nabarituko dira gehienbat grebaren ondorioak.
Ospitale guztietan, argazki bera errepikatu da lehen orduetan; paretak kartelez josita eta langile asko bata zuriekin, pegatinak paparrean jarrita, hurbiltzen diren herritarrei informazioa banatzen. Kontsultak lasai eta jende gutxi. Hainbat zentrotako kanpoaldean, berriz, Ertzaintza ingurua zaintzen.
Basurtuko Ospitalean kontzentrazioa egiten ari ziren hainbat langile ospitaleko sarrera oztopatzen ari zirela jakinarazi du Ertzaintzak. Manifestariekin hitz egin ondoren, istilurik gabe jendearen sartu-irtena erraztu zutela jakinarazi du.
Osakidetzako 25.000 langile inguru daude deituta gaurko, asteartea, lanuztera, kontratu finkoa dutenak eta aldi baterako kontratua dutenak. ELA, Satse, LAB, CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek egin dute bat, 24 orduko greba deitzeko. Medikuen Sindikatua da deialdiarekin bat egin ez duen bakarra. Lan-baldintzak hobetzeko negoziazioa berriro zabal dezala eskatuko diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.
Hain zuzen, Jaurlaritzak negoziazioak bertan behera utzi eta hiru urterako lan baldintzen dekretua onartu zuenetik, langileek abian jarritako mobilizazio sortaren baitan kokatzen da gaurko greba. Sindikatuen iritzian, dekretu horrek "langileen arteko diferentziak areagotu" baino ez ditu egiten eta ez du jasotzen osasun publikoak egun dituen "arazoetako bakar bat ere ez".
Urtarrilean hainbat elkarretaratze, 15 minutukoak, egin dituzte langileek Osakidetzako zentro nagusien atarietan. Gainera, joan den astean, hilaren 23an, auto-karabanak egin zituzten EAEk hiru hiriburuetan. Protesta-sortaren baitan, bi greba-egun deitu dituzte, bata gaurko eta bestea martxoaren 6rako.
Bestalde, otsailerako lanuzteak daude deituta; hilaren 12an, 14an, 19an, 21ean, 26an eta 28an txanda bakoitzean bina orduko etenaldiak egingo dituzte. Gaurko grebak erantzun zabala izango duelakoan daude sindikatuak. Osakidetzak ezarritako zerbitzu minimoak "gehiegizkoak" direla gaineratu dute.
Osakidetzak bere jarrera aldatzea eta lan-baldintzak hobetzeko negoziazioei berrekitea da protesta hauen guztien helburua, sindikatuek nabarmendu dutenez. Egun osoko lanuzteaz gain, elkarretaratzeak ere egingo dira gaur Osakidetzako zentroen atarietan.
Gutxieneko zerbitzuak
Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoen arabera, larrialdien zerbitzuek %100 egingo dute lan. Beraz, ez da nabarituko lanuztea. Atzeratu ezin diren ebakuntza larri guztiak eta tratamendu onkologikoak ere bere horretan mantenduko dira. Bestalde, aipatutako dekretuaren arabera, ospitaletako zerbitzua jai-egunetan izaten denaren parekoa izango da.