GIZENTASUNAREN KONTRAKO PLANA

Gehiegizko kiloei gerra deklaratu die Erresuma Batuak

2008/01/25

Argaltzen diren lodiei dirua emango die Gobernu laboristak. Horrez gain, umeen artean loditasuna saihesteko ekimenak jarriko ditu martxan, hala nola, sukaldaritza osasuntsuaren inguruko derrigorrezko eskolak ezartzea.

Loditasunaren kontrako gerra abiatu du Erresuma Batuak. Herrialdean dagoen lodi kopuru altuarekin arduratuta (lau helduetatik batek gehiegizko pisua du eta mende erdirako britainiarren %60 izango da lodia), "epidemia"ri aurrea hartzeko egitasmoa adostu du Gobernu laboristak.

Argaltzea lortzen duten herritarrei ordaintzea izango da Brownen gobernuak prestatutako planaren neurri aipagarriena. Kiloak galdu dituzten lodiei konpentsazio ekonomikoa emango diete eta lantokietan, elikagai osasungarriak erosteko edota gimnasiora joateko diru-laguntzak emango dituzte.

Enpresen esku utzi du Gobernuak langileei diru-laguntzak ematearen ardura. Izan ere, onuradun nagusienak eurak izango liratekeela uste dute agintari britainiarrek, behargin argalek lan egiteko indar eta gogo gehiago dituztela argudiatuta.

Haurren loditasuna ere jomuga

Haurren artean lodien kopurua (%30koa da, eta urtez urte, %26 egiten du gora) murriztea du asmo Brownen gobernuak. 12 urteko epean fenomeno honi azkena ematea jarri du xedetzat

Horretarako, bigarren hezkuntzako haurrek sukaldaritza osasuntsuaren inguruko eskolak izango dituzte.

"Janari zaborra" arbuiatzen erakutsiko diete eta, helburu horrekin, otorduetan, eskolatik irteteko baimenik ez emateko eskea egin diete agintariek hezkuntza arduradunei.

Era berean, astean heziketa fisikoko bost eskola ordu izatea proposatuko du gobernuak (orain bi ordu dira) eta haurren loditasuna zabalduen dagoen tokietan, bidegorriak jarriko dituzte.

Neurriotara 500 milioi euro bideratuko ditu Erresuma Batuko Gobernuak hiru urtetan. Agintarien esanetan, neurririk hartu gabe gastatuko luketena baino gutxiago izango da. Izan ere, lan orduen galerak edo loditasunak eragindako gaixotasunak eragindako gastuak 50.000 milioi liberakoak (67.000 milioi euro) izango lirateke urtean.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta