ZARATA BILBON

Lau zarata neurgailu jarri ditu Lur Maitea elkarteak Sabino Arana kalean

2008/01/21

Egunero, autobusek 450 joan-etorri egiten dituzte Termibus geltokitik. Bilboko trafiko sarreren %42 Sabino Aranatik egiten dira. Hori dela eta, burukominak eta ikasteko arazoak dituztela diote auzotarrek.
Sabino Aranako auzotarrek zarata salatzeko jarritako kartelak. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Sabino Aranako auzotarrek zarata salatzeko jarritako kartelak. Argazkia: EiTB

Urteak daramatzate Sabino Aranako auzotarrek zarata handiegia dutela salatzen. Orain, Lur Maitea elkarte ekologistak bultzatuta eta Nafarroako unibertsitatearen laguntzaz, lau neurgailu jarri dituzte Sabino Arana eta inguruko kaleetako etxeetan.

Hala, aste baten buruan, gau eta egunez, zarataren batez bestekoa neurtuko dute. Zarataren muga 60 dezibelekoa da egunez eta 50ekoa gauez. Auzotarren iritziz, zaratak muga horiek gainditu egiten ditu, esaterako, Sabino Arana kalean.

Egunero, autobusek 450 joan-etorri egiten dituzte Termibus geltokitik. Bilboko trafiko sarreren %42 Sabino Aranatik egiten dira. Hori dela eta, burukominak eta ikasteko arazoak dituztela diote auzotarrek.

Neurriak hartzea eskatzen dute

Azken txostena 1999. urtean kaleratu zen. Orduan, zarata maila handiegia zen. Ordutik, zarata 3 dezibel gutxitzen duten pantailak jartzea izan da udalak hartu duen neurri bakarra. Halere, auzotarren ustetan, oraingo azterketan ere legeak ezarritako mugak baino handiagoa izango da zarata.

Bilboko sarrerak berrantolatzeko plan berria onartuta dago eta auzotarrek ulertzen dute Sabino Arana ezin dela egun batetik bestera kendu, baina eurek jasaten duten zarataren ordainetan ez dutela ezer jasotzen argudiatzen dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta