SAN SEBASTIAN EGUNA

Bandera jaitsita, isildu dira danborrak datorren urtera arte

2008/01/21

16.000 lagunek, haurrak eta helduak zenbatuta, parte hartu dute aurten Donostiako Danborradan. Aurtengo edizioan Cristina Garmendia zientzialariari eman diote Urrezko Danborra.
Konpainia bateko haurrak, Alderdi Ederren. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Konpainia bateko haurrak, Alderdi Ederren. Argazkia: EiTB

Danbor hotsek Donostia bete dute, Gipuzkoako hiriburuko Danborrada dela eta. 16.000 lagun bildu ditu aurten jaiak egun osoan, helduak eta haurrak zenbatuta.

Urtarrilak 20 egiten dituen guztietan bezala, bandera jasota hasi da festa 00:00ean, Konstituzio plazan. Aurtengo berezitasuna Donostiako Orfeoiko 120 kide inguruk banderaren jasotze horretan parte hartu dutela izan da, Gaztelubide elkarte gastronomikoaren 75. urteurrena dela eta.

Gainera, 2008ko edizioan helduen 101 danborrada (23 gizonezkoak, 77 mistoak eta bat emakumezkoena) izango dira, 11.466 lagun bilduta.

Jaiaren erdialdera haurrak izan dira garrantzia hartuko dutenak, Haurren Danborradarekin kolorez bete da Alderdi Eder eta hirigunea. Aurten 4.666 ume izan dira, 45 ikastetxetako 52 konpainiatan banatuta.

Urrezko Danborra

12:30ean, umeen danborrada hasi eta gero, Urrezko Danborra eman diote Cristina Garmendia zientzialariari, hiriburuko Udaletxean. Garmendiak herritarren "batasunaren" alde egin du, denek "errespetuaren, bakearen eta askatasunaren alde" lan egin dezaten.

Genetrix taldeko eta Inbiomed Fundazioko presidentea da Garmendia. Urrezko Danborra bere aita zenari eskaini dio, "emozioek mugarik ez dutela" irakatsi ziolako.

Atzo, Carlos Benito medikuak (kirol eta kultura jardueretako bultzatzailea ere bada), Lourdes Oñaderra Euskal Filologiako doktoreak eta Kalapie, Ademgi eta Verdini Dantza Taldea elkarteek dominak jaso zituzten.

Gaur, 00:00etatik aurrera, Konstituzio plaza berriro izango jaiaren epizentroa, bandera jaisten dutenean. Une horretan, datorren urtera arte isilduko dira danborrak eta upelak.

Aldaketak EuskoTrenen zerbitzuan

EuskoTrenek iragarri duenez, gaur, igandea, aldaketak izango dira Donostiako autobus zerbitzuan, umeen Danborrada dela eta.

10:00etik 14:30ra Askatasunaren Hiribideko 24. zenbakiko geltokia Easo kaleko 7. zenbakian izango da, Ciaboga tabernaren ondoan.

Donostiakoa ez da bakarra

Donostiakoa ez da, baina, daborrada bakarra. Azpeitikoak (Gipuzkoa) ere sona handia du Euskal Herrian eta Lakuntzan (Nafarroa) danborrak astintzeko ohitura oso errotua dago. Gainera, Tafallan, Zangotzan, Zudairen, Gueñesen eta Beasainen ere Sansebastianak ospatzen dituzte urtarrilaren 20an. Hendaian, berriz, 26an egingo dute festa.

Azpeitian gauerdian hasi da ospakizuna. Danborradak 50 urte baino gehiagoko eskarmentua dauka gipuzkoar udalerrian. Helduen danborrada larunbatean, 22:15ean, hasi zen plazan. Haurrena, berriz, gaur izango da.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta